www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zezenak errepublikan
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1972

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Zezenak Errepublikan, Jean Hiriart Urruti. Jakin, 1972

 

aurrekoa hurrengoa

EMAZTE ELEKETARI, BURU GAIXTO...

 

        Behin baziren bi senar emazte xahar. Emaztea etzen baitezpada gaixtoa, nahiz adin batetaraz geroz emazte gehienak gaixtatzen diren. Oxala ez balire oraino gazterik hartaratzen!

        Beraz gure atsoa etzen gaixtoa; bizkitartean etzen ere itzalik gabekoa. Bazuen aztura bat neholere ezin utzia: mihia luze eta zalu; ezin egon mintzatu gabe. Senarrak hau edo hura erraten zionean, edo zerbeit gora-behera gertatzen balinbazen etxean, berehala bazoan emaztea lasterka auzoz auzo, orori erratera; guziek behar zuten jakin haren berri. Etzagoken ixilik.

        Eta gero deus etzuen erraten garbiki eta xuxen, ikusi edo entzun bezala; zenetik etzena behar zuen egin, xehetasun guziak handituz eta edertuz ez dakit nola; asko aldiz orobat guziak burutik buru berak eginez. Aipatzea kasik bitxi zitaken gauza batetarik eginen zuen mendi bat, sagutik otsoa, ulitik arranoa.

        Behin baino gehiagotan senar gaizoak behar ukan zituen jasan emazteak bere mihiaz batzuer eta bertzeri egin bidegaben ondorioak. Emaztea emaztekin samurtu eta, azkenean gizonak gizonari jazartzen zitzazkon, iduri-ta hura zen orotaz hobendun, gizagaizoa!

        Egun batez gure xaharra joan zen, behiak uztarturik orgekin, oihanerat otetxaketa. Patar bati behera zoalarik, horra non ohartu zen lurra bertzetan baino han harroago zela; iduri zuen irauli edo aitzurtu berria; zenbeit tokitan beheititua zen, eta zangoa gainean eman orduko zilo bat egiten zuen.

        «Zer da hau? Hemen behar ote zaizkit sarturik gelditu nere behiak eta orgak. Goazin ikus lehenik ea nork zer egin duken lur huntan?»

        Hartzen bi eskuz aitzurra, eta emekiño hasten da lur igituaren altxatzen. Hiru zehe barna zilatu dueneko, agertzen zaio lurpetik untzi baten ezkina. Inguruan kentzen du lurra bazterretarat, eta zer du hatzemaiten? —Eltze handi bat urrez eta zilarrez betea...

        »Ah! zer fortuna! Oraikotik aberats gira zu eta ni, Maria.

        »Ba, Mariak ez baitaut ordean atxikiko sekretua. Bihar goiza gabe, herri guziak balakike; alta bada holakoak eta halakoak jakinez geroz, zer hatzeman dudan, ez diagu bakerik, ez bizi onik. Zer egin...»

        Bide bazterrean jarri eta han zagon bere buruarekin gogoetan Extebe, behiak hatsmarrun ari zirelarik.

        Azkenean xutitu zen jauzi batez bet-betan, zerbeit mirakulu gogoratu balitzaio bezala.

        Eltzea bere urre eta zilarrekin sartzen du berritz lurpean; estaltzen du lur igitu hura ongi ostoz eta laparrez; eta badoa bere bideari aitzina otetxaketa. Orgak erdi hutsik joan zen etxerat, xoria bezen arin. Behier uztarria kendurik, emazteari deus erran gabe, etxe gibelean gaindi, joan zen handik auzo hiri batetara.

        Hiri hartan erosi zituen xarbo bat eta erbi bat, biak bizirik; eta joan zen etxerat oihanean gaindi itzulian.

        Xarboa ezarri zuen buztanetik estekaturik haitz baten gainean, adar gorenetarik batean. Erbia aldiz ezarri zuen ur handiaren erdian soka luze batekin harri handi bat zangotik, ihesi hoan etzadin...

        Gero badoa lasterka eta bide laburrenez etxerat. Etxen sartzearekin erraten dio emazteari: «Ez dakizu, Maria, zer ikusi dudan oihanean? —Zer ikusi duzu, Extebe? Erradazut berehala; erretzen ari naiz, jakin nahiz. Ah! banuen ba, beldurra, zure begitarte arina ikustearekin, zerbeit bazinuela errateko. Badea berriagorik? —Ba, bainan, Maria, zuk orori salatuko diozute ene balentria. —Ez, gizona, nehori ere ez diot aipatuko.

        Ez ea nehori ere? —Nehori. —Hitz-emaiten dautazu beraz? —Hitz-emaiten dautzut; behar duta besoa altxatu, zin egiteko? —Ez, ene Maria. —Beraz, Extebe gaixoa, errazu otoi, zer da? —Zer da? —Zato hunaxe hurbil, Maria; beharri xilora erranen dautzut. Ixil-ixila, egon gero eni, haurkeriarik gabe! —Ba, gizona, ba; bainan erdi zaite hortik; xigortua nago hemen; zer ote dukezun? —Huna zer. Oihanean hatzeman dut eltze handi bat diruz eta zilarrez mukurru betea. —Zaude ixilik! Ba ote? Eta zertako ez duzu etxerat ekarri? —Ohoinen beldur nintzan, nihaurek ekartzeko. Nahi baduzu, joanen gira bila biak elgarrekin. —Goazin bereahala. —Goazin.

        Badoazi beraz oihanerat biak elgarrekin. Bidean solas egiten dute. Senarrak erraiten dio emazteari:

        «Egun hautan ikasi dut gauza bat, uste ez nuena: arraintzaleak ihiztari bilakatzera omen doazi, eta aldiz ihiztariak arraintzale. —Zertako ote? —Zeren eta, Maria gaixoa, oraiko arrainek arbola gainean egiten baitituzte ohantzeak, eta hala-hala oihanetako ihiziak ur handietan bizi baitire. —Emazu bakea; egia dena da, oraiko jendek ez dakitela holako gezur buru-buztan gabeko hedatzen baizik. —Ez duzu sinesten, Maria? Sinetsiko duzu, ikusi-eta, soegizu goiti; ea zer den hantxet erdiko haitz-adartto haren puntan?»

        Hainbertzenarekin, keinu egiten dio emazteari eskuz eta begiz: «Ez duzu ikusten xarbo hura han dagola dilindan, ahoa xabaldurik, buztanaz abarrari lutua? —To, hala da, ez nuen sinesten, orai ikusten dut. Bainan nola igan da ordean xarbo bat haitzari goiti hoin gora? Nola dago han kokatua? Hauxe da mirakulua! Nola ditake hori? Ez, ez; bada hor zerbeit sorginkeria; zoazte gero, egizue sorginez irri, gizon horiek...»

        Gizona han dago xutik, lepoa goiti bihurtua, bi esku-muturrak bi sahetsen gainean landatuak, ahoa zabaldua, begiak luzatuz, bere baitan erraten balu bezala: «Egia balitz, oroen buruan, emaztek diotena: badirela egiazko sorginak? Nork daki?»

        Emaztea bere aldetik harritua dago goiti so, beheti so. Begiak torratzen ditu, hobeki ikusteko, xarboa beti han, gainetik behera so, iduri irriz... Bitxikeria!

        «Zoazi, Extebe, igan zaite, eta hatzemazu xarbo hori; sarri nik erreko dut, eta zuk janen, ez dea hala? —Hala da».

        Igan zen beraz eta xarboñoa eskuetarat bildurik jautsi; eta biak lotu ziren etxerako bideari.

        Ur handiaren hegian zoazilarik, senarra bet-betan gelditzen da, urerat begira. Emazteak galdatzen dio, zer duen? —«Ez dakit, Maria; bainan zerbeit bada hemen; ez duzu ikusten ura igitzen dela? Zaude zu hor. —Ez; heldu naiz ni ere, zurekin, zer gerta ere».

        Badoazi ur hegiari behera; hurbiltzen dire ondoraino, eta zer dute ikusten? Erbi bat uraren erdian igerika!

        «Zer erran dautzut nik, Maria? Erbiak arrain bilakatu zirela, ez dea egia? —Egia zen eta hala da. Zoazi, urtuts zaite eta urean sarturik, hatzeman ezadazut ihizi hori zangotik».

        Erran bezala egin. Badoazi etxerat, batek xarboa, bertzeak erbia eskuetan xoratuak, hogoi urtez bederen gaztetuak.

        «Gaurko afaria eta biharko bazakaria baditugu; ez dute orotan holako errekirik. Zer mutur gorria izanen duzun, Maria, zuk bihar arratsaldean! —Eta zuk, Extebe, zer pottoka! —Otoi emazu apal, emazte ergela; aditzen bagituzte, xahu gira».

        «Handiena oraino ikustekoa dugu». Ehun bat ixtape egin-eta, gelditu ziren berriz, gizonak emazteari ziolarik: «Huna hementxet urrez eta zilarrez mukurru bete eltzearen gordegailua. Goazin emeki deus hautsi gabe».

        Baztertu zituzten laparrak eta ostoak; lurra altxatu zuten, eltzea inguruan agertu. Kendu zioten estalgia, barnearen ikertzeko. Oso-osoa eta bete-betea zela ikusirik, hartu zuten bi giderretarik; gizonak ezarri zion berehala emazteari buruan; eta bera zain gibeletik zarraikion, ahapeka erraten ziolarik: «Maria, badugu behingo ontasun; ez gitu bederen aurten goseteak hilen».

        Holaxet erasian joan ziren etxerat, afaldu-eta oherat.

        Biharamunean hustu zuten eltzea, eta bertze zerbeit onez beterik ezarri zuten. Etxeko-andreak hil zuen oilarra, eta gero handik ondoko aste guzian egun oroz oilo bat. Hainbertze urre eta zilar-ikustearekin alabainan motoa makurtu zitzaion gure Mariari eta burua... ez xuxendu. Egun guziez ez dakit nolako bazkariak eta afariak han ziren; auzo guziak harat-hunat han zabiltzan. Goizetik arrats, gauaz ez egunaz etzen ateratzen jendea.

        Extebe gaizoa harritua: nola iraun, eltze bat urre eta zilarren orde, etxearen bete ukanik ere?

        «Maria, otoi goazin emeki; beldur niz... —Zeren beldur? —Buluziko gituzte auzoek, eta larrutuko. —Zer da gero? Jakin zazu, Extebe, eltze-urre hori biek hatzemana dugula; biena da, eta nahi dutanaren xahutzeko badut nik zuk bezenbat esku. —Ba ote? —Ba naski! Diru hori zurea balinbada, enea da».

        Batek ez, bertzeak ba, eta beti azken hitza Mariak.

        Ixildu zen beraz Extebe gaizoa, etsiturik emaztearen heztea, behin nausitzerat utziz geroz.

        Bizkitartean ikusi zuenean azken beltzera zoazila, samurturik erran zion: «Ori, Maria, nahi duzuna eginen duzu; nik ez dautzut gehiago dirurik emanen urari behera artikitzeko. —Ez ea zuk? —Nik ez». Batek oihu, bertzeak marruma, hor hasten dire borroka.

        Atso zaharra senarrari aztaparka lotzen zaio, iduri-ta begitarte guzia larrutu behar diola: «Haizen bezalakoa! Hortarik ari haiz! Ago, ago; ez diat hire sos zikinen beharrik, alferra, zikoitza, barea, ohoina... ago. Nik begiratuko haut hire diruaz gozatzetik. Zorrez eta zorriz estalia beharko haiz ibili, nahi baduk eta ez baduk, eske, eske hor harat etxez etxe, bide bazterrean leher egin arte. Ez hiz urrikaltzekoa izanen, hizen bezalako piltzarra!...»

        Extebe gaizoa zen uhar haren pean ikustekoa. Hastean, zerbeit ihardesten zuen; bainan bertzea gero-ta gorago joaki. Senarrak hitz bat, harek ehun ta berrehun. Laster garraitu zuen emazteak senarra.

        Alta gizagaizoak ahal guziak egin zituen, bai larderiaz, bai eztitasunez. Harria baino gogorrago zagon bertzea bere hartan.

        Nahi zituenak oro erranik, joan zen herriko auzapezarengana, ala ez baitakit ez ote zen bakezko jujearengana joan.

        «Jauna, zuregana heldu naiz, ene senarrarekin ezin biziz. Burutik badu, edo nik ez dakit nolakotzen ari den. Dakizun bezala, jauna, eltze urre hura oihanean hatzemanez geroz, nehork ezin jasana da. Alferkeriari emana da; erdietan mozkor arraila; ai ez nitake harekin bizi. Otoi, jauna, edeki ezozu eskuetan duen diru undarra; nahiago dut buluzirik ikusi, ezen ez horditua».

        Buruzagiak sinetsi zuen; nork ez sinets bere senarra gaizkitik ezin begiratuz dabilan emaztea?

        Deitu zuen gizona bere aitzinera, eta erran zion: «Emadatak hunat eni berehala hirekin derabilakan diru guzia. —Zer diru? Jauna, nik ez dut dirurik. Hobe nuke ba, banu! —Baduk, eta ez duk zeren gorde, ez eta hemen zozoarena egin. Bazakiat badukala eltze bat urre eta zilar oihanean hatzemana; alferretan duk egia ukatzen. Hobeki eginen huen, eltze hura hatzeman eta niri ekartzea, edo gutarik norbeiten mintzatzea, jakiteko norena zitaken eltze hura... Dohakabea! Ez dakika gauza hatzemanaren gordetzea ohointza dela? —Barkatu, jauna; bainan zin-zinez erraten dautzut, ez dudala nik urrerik, ez zilarrik ez eta arditik. Nere emazteak amets egin duke, edo ez da bere baitan. Zerbeit errokeria erran dautzu eiki eta zuk sinetsi. —Ez, jauna, gezurra du, dio emazteak berehala solasaz jabeturik, ez naiz errotua; urrez eta zilarrez betea zen eltzea mukurru. Ikusi dut».

        Senarrak orduan. «Jauna, ikusten duzu ez dela bere baitan. Ori, galda zozu noiz, non eta nola hatzeman dutan erraten duen eltzea. Xuxen ihardesten badautzu, hitz-emaiten dut ditudan guziez buluztea».

        Emazteak bazterretik: «Horrek uste badu ere, jauna, burutik maingu naizela, edo berak dakien xehetasun zerbeit ahantzi dukedala, erakutsiko diot ez naizela ez ahanzkor ez maingu. Adi zazu, jauna. Huna nola gertatu den jadanik aipatu dautzudan gertakaria. Oihanera joan gira biak elgarrekin; eta han hatzeman dugu lehenik haitz baten gainean xarbo bat. —Nola hori? Nola erran duzu, Maria? Xarbo bat haitz baten gainean! Ez, jauna; egia nere begiz ikusia erraten dautzut».

        Extebek orduan: «Jauna, horra nik errana; ageri da eri dela gure Maria. —Zer derasazu, eri eta eri? Ni eri? Ez alafede zu baino gehiago, ez eta zu bezenbat ere. Badakit xuxen-xuxena zer erraten dutan. Eta zuk, Extebe, zuk ingoitik ahantzia naski hantxet ur handiaren erdian hatzeman dugun erbia?»

        Buruzagiak ordu arte lanak izan zituen irria ezin atxikiz; bainan azken hitz horiek entzutearekin, ezin egona lotu zitzaion eta karkallaz hasi zen. «Emazte bitxia!»

        Senarrak erran zion: «Gogo emazu Maria; oroen irri-egingarri bilakatzen ari zira; ez ginuen deusen beharragorik! Eta zuk, jauna, ikus-azu eta ikas behin betikotz; ez direla behar sinetsi emazten erranak».

        Buruzagiak ihardesten dio: «Egia da hori; ez dire behar sinetsi. Nork ikusi du behinere erbirik urean bizi, eta arrainik oihanetan, haitz-ondoen gainean? Egiazko emaztea behar da izan, holakorik sinesteko eta bertzeri sinets-arazi nahi ukaiteko».

        Ezaguturik etzuela garbitasun osorik jakin ahalko, ez eskualde bat ez bertze, igorri zituen senar-emazteak besoz-beso etxerat, bakean bizi zitela erranik.

        Herri guziak jakin zuen berri hori; eta zenbeitek ongi irri-egin zuten Mariaren nahigabeaz. Urrikitu zitzaion ba; bainan berantegi. Esku guziak kendu ziozkan ordutik senarrak; hobeki eginen baitzuen ez baliozka behinere hartzera utzi! Jainkoak begira behin gaina har emazte makurrak! Erreka jo behar du etxeak.

        Herrialde guzietan badira holako ixtorio xaharrak. Hau den bezala Rusiatik heldu omen zauku. —Beraz hango emazteak ere eleketariak dire eta buru gaixtokoak? —Holetan ba. Nongoak ez?...

 

Eskualduna, 1894-03-23

 

aurrekoa hurrengoa