www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zezenak errepublikan
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1972

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Zezenak Errepublikan, Jean Hiriart Urruti. Jakin, 1972

 

aurrekoa hurrengoa

ONARTU BALITZ

 

        Ikusi ditutzue edo entzun egun hautako desmasia izigarriak: Frantziako Semenario handi eta ttipi guziak oro ohoinek ebatsirik hetsiak; oro hustuak han apezten ziren gaztetarik; apezpikuak, herrietako erretor bikarioak oro beren etxetarik kanpo emanak edo emaiten ari; elizetan mezaren emaiterat ere ez haizu, ez kofesio, ez prediku, ez deus, gobernamenduaren baimena gabe; bertzenaz prozeberbala, amanda, presondegi, zer nahi meatxu; bortz edo sei mila apez gazte, ja beren urte soldadogoa eginik, erreglan zirenak ez bakarrik lehengo lege zaharrarekin, bainan lege oraiko berriarekin ere bikario edo eskolemaile zirenak, berriz deituak bi urteren egiterat, den gutieneko zuzenik gabe; ez direlakotz joan behar, legea bera zeren alde duten; etxean egoiten badire, fuera preso, eta aitzina soldado; ez baita legerik ohoientzat.

        Holako zer nahi, eta hoik oro oraino deus ez, hastapen bat baizik, berek diotenaz. Gerokoak gero.

        Eta hoik oro Aita Sainduaren gain; «zertako den Aita Saindua den bezen buru gogorrekoa; den bezen tematsua».

        Ez dute erraiten Frantses katolikoak direla tematsu; Aita Saindua da bakarrik orotaz hobendun. Haren faltak omen dire oro. Eta ez framazonenik deus; deusetaz ez dire hobendun erlisionearen etsaiak.

        Ez zuten eta gogoan gure ona baizik; eta guk ez nahi sinetsi; nahiago guk «italiano... arrotz baten erranari behatu. Hanbat gaixtoago guretzat. Legea lege; beharko dugula jasan legea den bezala eta den baino dorpeago; ez dakite aski tzar zer egin, ez zer erran; ohointzari datxikola gezurra, gezurrari ohointza. Gerla beltzean sartzera goazi. Noren falta?... Galda zozuete framazonei eta heiekilakoei; galdatu gabe bardin berek beren baitarik erranen dautzuete gezurra, xutik doan gezurra: Aita Sainduaren falta dela. Alabainan harek onhartu balu legea, onhartuko zuten katolikoek. —Ba bainan lege tzarregi balinbazen? —Ezin onhartuzkoa balinbazen?...

        Hain lege makurra balinbazen non Viviani, ministro batek baitzion goraki deputatu guzien aitzinean: «itotzera, hiltzera deramagu oraikotik erlisionea»; bertze batek, Clemenceau ministroen buruzagiak: «legea onhar ala ez onhar, bardin zauku; katolikoenak egin du?» Eta holako ele tzar, egitate tzar zenbat, hogoita-bortz urte huntan; oro xede berera joaki, gero eta jasan-gaitzago?...

        Ez ote zen ordu, norbeitek azkenean erran zezan: «Aski, aski tzarkeria. Geldi hor; halte-là?...»

        Eta norbeit hura nor nahuzue izan zadin, ezenez katolikoen buruzagia? Eta gero nor, harekin batean, baizik ere apezpikuak, apezak eta giristino zinezkoak?

        —Halere, diote oilo busti eta zainik ez odol gorri xortik ez duten batzuek, halere, halere ez ote zen hobe legearen onhartzea, oraiko desmasiak eta hauien ondotikakoak ahalaz urruntzeko? —Emazue hortik, otoi bakea. Nahuzue nik erran: zer izanen zen legea onhartu balitz? Hasteko irriz ase bat eginen zuten erlisionearen etsai errabiatuek. Denek batean gazeta zikinetan erran dutena: «Goazin aitzina, lañoki; bardin orainoko guziak bezala onhartuko die hau ere. "Ce sont des moutons sans cornes ni dents, ces idiots-là. Marchons". Goazin beti aitzina».

        Jin baita ordean, eta jin zinez Erromatik aspaldian igurikitzen ginuen hitza. Halte-là jin baita.

        Eta apezpiku guziek, apez guziek, fededun egiazko guziek errazoin eman diote Aita Sainduari, eta huni aiher dire orai erlisionearen etsaiak Egin bezate nahi dutena; ebats bitzate apez etxe eta semenario guziak; ebats elizak eta hets (nahiz hura duten azkenik eginen, jendea goizegi asalda beldurrez).

        Halere diogu goraki; hobe dela, ez baitu lege tzar hori onhartu katolikoen Buruzagi Aita Sainduak.

        Beti, beti oro onhartuz norat ginoazin? Deus onik ez ginuken hartarik, luzamen pixka bat baizik.

        Huntarik badukegu, ez bada guretzat, bederen gure ondokoentzat.

        Zer izanen da ororen buruan?

        Ardi zahar mutu batzu bezala gure buruak eta gurekin ondokoen erlisionea urkatzerat uztea baino miletan hobe dugu altxaturik burua, moztu behar balaukute ere.

        Egundaino nehon ez du luzaz iraun holako tiranoen nausitasunak. Hauienak ere segur eginen du bere aldia. Noiz? Bego Jainkoaren gain. Egin dezagun guk eginbidea.

 

Eskualdun Ona, 1906-12-21

 

aurrekoa hurrengoa