www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zezenak errepublikan
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1972

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Zezenak Errepublikan, Jean Hiriart Urruti. Jakin, 1972

 

aurrekoa hurrengoa

BOTOILA BAR ARNO

 

        Urteak ditu, bainan atzokoaz bezain orroit, gogoan dakart geroztik beti.

        Hantxet, Larresoron, ohinek oraiño ebastekoa zuten semenario maitearen gain-aldeko bideño bati gora nindoalarik (banakike ere norat), igande iluntze batez, buruz-buru egin nuen emazte langile berrogoi bat urte zituzken batekin. Guti edo aski elaire ginen. Bidean holatxet solas egina behin edo bertze. —Agur. —Bai zuri ere. —Bezperak luze zituen eiki jaun erretorak? —Eztakit egungo berri; ahal dugunean bagabiltza; bainan ez gitazke beti hel. Alferkeria pixka bat ere lotzen zauku batzutan. Udan bero dela, neguan hotz, oro estakuru gira elizako urrats horri buruz. Halere, bakan gaude, nor edo nor etxetik, meza nausi, bezperetarat gabe. Gure gizonaren aldi zen egun; bainan ez da egia bezalakorik; bazkal ondoan etzan-aldiaren egitera joan, eta giza-gaizoa, oheak beretu daut. Badakizu: harrobi hortan akitzen; lan idorra: igandeak behar jasan astelegunetako itzal-eskasa. Ez da, ez, naski ontsa, bainan Jainkoak ikusten ahal du.

        Bederen elizari kendu orenak etxean deramatzagu, senar, emazte eta haur, orok elgarrekin. —Ez hatik beti orok; oraintxe zu hemen zirenaz geroz, diot erraiten irriz.

        Irriz ihardesten daut: zer da hemendik eta hortxetarainoko joan-jin hau? Hau egiten dut hola, tenortsu huntan, bezperetako aldi ez dutan igande arrastiri guziez, non ez diotan, ezinbertzez, haur bati egin-arazten. Ahal badut haurrak aitarekin etxean utzirik, nahiago dut hau nihaurek egin.

        Hainbertzenarekin, esku batez gorderik zeramana zaiapean, iduri nonbeitik zerbeit ebatsia, bet-betan agertzen daut irri on batekin... botoila bat arno, diolarik: Orizu, gero berdin zaut egia zuri den bezala erranik. Igande arratsetan senar-emaztek, gure bortz haurrekin hau husten dugu.

        Ez da, ez, nehon ez dena; bainan herriko arno garbi xorta bat hola zortzitik behin gure etxean, bazinaki zer besta den?

        Hunen alderat egiten dakot gure gizonari aza-kozina bat ahal bezen ona. Hortarik orok jan, huntarik hurrupa bedera nik eta haurrek jasta, gaineratikoa berak edan, ez baitzauku sobera; gopor edo gatelu, behiak emaiten daukun esnea orok parti; guk solas; haurrek jauzi.

        Arratseko otoitza elgarrekin egin eta, loale arau bagoazi oherat. Eta astelehen goziean bat ez da gure etxean burutik minez dagola, errangura denik. Zer zautzu? —Zaut, badela hogoi-ta bortz beren igandea, eta guziz igande arratsaldea, eta gaua, gaizkiago deramatenik.

        Ez duzu zeren gorde hola botoila hori. Zu horrekin, hori zurekin, agertzeko on zirezte non nahi.

        Ai, balute bazterretan aste guzia lanarekin borroka bizi diren gizon nekatzale guziek beren etxean zu bezalako emazte bat? Bertzela argi lezakete zenbeitek! —Ba ote? —Dakizula. —Nik eztakit bertzen berri; bainan erranen dautzut egia; gure gizona ez da behin ere izan bertze bat baino makurragoa; bainan kalte egiten zion kapoko edanak; osagarria eta oro galtzen ari zituen. Ostatua utzirik, huni lotuz geroz, gauetik egunera bezalakaturik jarria dut. Agian ez ahal zautala itzuliko, nago. —Zoazi hortik. Engoitik botoilaño hori harantxet berandetsirik dago norbeit. Jainkoak dizula gau on. —Bai zuri ere.

        Bagoazi, zoin gure alde. Hura zalu, goait zagozkon senar eta haurretarat Ni ttuku-ttuku nere bideari hantxe ikusi eta entzunak gogoan; hau irakurtu-ta zenbeit behar bada, ez bakarrik Larresoron, bainan Eskualduna heltzen den herri bakotxean, geldituko diren bezala.

        Baten etsenpluak bertze bati baizik ez balitzo ere begiak idek, eta hauts bihotza, ez lakiket egungo lana gal.

 

Eskualduna, 1909-03-12

 

aurrekoa hurrengoa