www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zezenak errepublikan
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1972

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Zezenak Errepublikan, Jean Hiriart Urruti. Jakin, 1972

 

aurrekoa hurrengoa

ALFERRAK ESKE

 

        Harritzeko da zenbeit urte hautan nola Eskual-herriko bazter guziak eskelariz beteak diren. Urrats bat ez dezakegu egin etxetik kanpo, gizon edo emazte, zahar edo gazte, sos galdatzale bat buruz buru egin gabe. Etxen sartu zare ba? Pan, pan! hela! —Nor da hor? —Ni, laguntza zerbeiten galdez, eri naiz, barneko minak xahutua; nere laguna ohean dut ezindua; haurrak buluziak; nihaur ori hemen, ikusten nuzun bezala...

        Ikusten duzu izaitez emazteki bat pizkorra, zangar besoak azkar, gerria lodi, haur bat besoan, hari so, zure bihotza nahiz hauts-arazi, haur gaixo hura beharretan ikustearekin.

        Bertze orduz gizon bat izanen da, zuk eta nik baino gehiagoko gaitzik ez duena, baizik ere alferkeria eta hordikeria. Nork eman halako bati eskura sosa? Eta bizkitartean nola utz deus eman gabe, urrikalmenduz ez bada, bederen bakearengatik, gaixtakeria zerbeiten edo ele tzar baten beraren beldurrez? Nork behar du ihardoki asko aldiz, gizon bat ere ez den etxetan, halakoeri? Alabainan azkarrena, eta beharrik gutiena dutenak dire ardura kopeta eta mihi tzarrekoenak. Zoazi zu halako baten etxetik kentzera! Aiher dire zer nahi errateko eta egiteko!

        Hala da hori. Hortakotz herrietako buruzagieri loakokete begiak erne eta zorrotz atxikitzea, beharrik gabe, hor harat hunat, eske dabiltzan ez-axolatu horieri. Izi aldiño bat on lukete artetan, bizitzen ikasteko.

        Lege bat bada Frantzian aspaldi egina, bainan egia errateko, buru buztanik... ez eta adarrik ez duena. Hura da eske ibiltzea debekatzen duen legea. Bizkitartean, lege horrengatik beti izan dira, oraino ere izaki, eta beti izanen eskelariak. Garbiki erran behar dugu ez garela lege horren alde.

        Ez; onartzen ditugu ezin-bertzez eske dabiltzan errumes gaixoak. Egiazki urrikari ditugu halakoak, bereziki gaztedanik estropiatuak edo lanean ezin arizko adin batetara helduak direnak. Jainkoak begira nezala heietaz gaizki mintzatzetik!

        Orroitzen naiz oraino nere haur denboran nola egoiten ginen xoratuak ixil-ixila erdi urrikalmenduz, erdi errespetuz beteak orduko eskelari maitagarrieri begira. Hein bat polliki bazakiten amoinaren galdatzen. Eta gero ukaiten zutena hartu eta beti begitarte on berarekin bazoazin... Ez berehala, ohoin batzu iduri, bainan zazkiten otoitz guziak hantxet eginik, bai eskuaraz, bai latinez, etxe hartako bizien eta hilentzat. Ageri zen zinez, bihotzez ari zirela.

        Oraiko eskelariek aldiz iduri dute ez dakitela behar bezala zeinatzen ere. Eta batzuek, alegia otoitzean, zerbeit murruskatzen badautzute ere, errexki ohartuko zare heien otoitza ez dela ezpainez barnagodanik heldu.

        Zer diot? Anhitzek ez dautzute hitz bat ere erranen. Diruari baizik ez dute eskerrik; eta hura eskuratuz geroz, itzul gibelaz, bertze aldi arte.

        Oroen buruan oraiko eskelariak eskergabeak balinbadire, ez dire gutiago urrikaltzeko, egiazki beharrak direnean. Bainan beharrik gabe dabiltzan horiek ez detzazkegu jasan. Eskual-herriko auzapezak otoizten ditugu halakoeri buruz orroit ditezela bada beren eginbideaz.

 

Eskualduna, 1892-09-30

 

aurrekoa hurrengoa