www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zezenak errepublikan
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1972

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Zezenak Errepublikan, Jean Hiriart Urruti. Jakin, 1972

 

aurrekoa hurrengoa

MURDE DABID

 

        Eskualdunaren irakurtzale onek otoi barka dezatedala, egungo solasa kasik ez-deuskeria batez balinbaderamat. Behar da orotarik.

        Barka zuk ere, Dabid, eskualdun zahar altzeiru ezin higatuzkoa, Ezpeletako auzapez gaztea, zure izena, martailu bat bezala, bi eskuz hartzen badut, Eskualdun buru gogor batzuetan sar-arazteko itze bat, oraikotik aldean bertze.

        Hor nonbeit barnago, gazetaren erditsutan ezar banezote, deus baino gutiagorentzat har lezakete; edo utz, behartu ere gabe.

        Iduri zaut hemen, haste huntan, Dabid... izen horrek lo daudenei eta orori, nahi eta ez, begiak zabal-araziko dazkotela eta beharriak xut altxaraziko: «zer den hau hemen egun... Dabid? Murde Dabid?»

        Murde Dabid hori zuek bezala nik, nik bezala zuek, irakurtua dugu iragan maiatzeko boz-egunetan. Eta non? —Hemen, Eskualdunean.

        Ahantzia duzue, ez da hala? Nik ez. Ez eiki zuek ere; zoin gizonki jarri den eta dagon gure Dabid, bere adin handian, Ezpeletako gizon zinezko Eskualdun fededunen buruzagi. Bainan egintza on horren goresteaz bertzerik da ene egungo xedea.

        Aitor-azue orok egia: nehor guti zareztela orroit egun hoitan irakurturik Eskualdunean bi hitz hauk: Murde Dabid.

        Murde ala Jaun bardintsu zautzue, ez dea hala? Niri ez. Lehen ere erran dut Eskualdun huntan hor nonbeit behin bietan. Bainan badut beldurra deus erran ez banu bezala den.

        Alferretan izan bedi oraino ere, eta nahi duenak bitxi kausi beza: ez nauke oihu egin gabe, gora eta urrun, gorrek eta orok, on bazeie eta ez bazeie, oraikoan adi dezaten Murde delako hitz itsusi hori ez dela egundaino eskualdun izan; ez eta Eskualdun elgarri zu eskuaraz erraiten dutenek derabilaten hitz bat, non ez dituzten eskuara eta eskualduntasuna, biak ahantziak. Galduak.

        Frantsesak du erraiten aitoren sementzat: Monsieur de edo M. De.

        Orotan bezala, Eskual-herrian ere baziren bertze orduz aitoren semeak, M de Belzunce eta holako. Bainan M de... hori frantsesez zarraikoten... ez eskuaraz.

        Eskuaraz, hori baino ederrago, garbiago, xuxenago, eskuarago zen eta da beti, nahutenek nahutena erranik ere, Jauna.

        Jainkoak ere ez du eskuaraz bertze izenik Jinko eta Jaun-goikoi, gaineko Jaun, bat direnaz geroz.

        Jesu-Kristo gure Jauna erraiten dugu, eta badire halere gutartean «Jauna» baino ederrago baitzeie «Monsieur».

        Eskuaraz «Monsieur» erraitea bitxi zaienek erranen dautzute Murde. Ez dire ohartzen batetara doala: bakarrik Murde erraiten dautzuna mintzo zautzu aitoren seme bazinauzka bezala... iduri trufaz.

        Eskualzale arrotz, nonbeiko «basquisants», «bascophiles» eta eskuara gaixoaren larrutzaileak mintza diten hola: Murde harat, Murde hunat, begoite!

        Bainan eskualdun odolekoak ez ohartzea murde hori ez dela gurea, eta gehiago dena, tuntik ez dugula guk horren beharrik: zer diozue hortaz? Ez dea bitxi?

        Hots, hortik otoi; itsusi ere da eta. Banaki koplan, josta nindake gogotik, aldizkatuz murde eta urde.

        Nahuzue utzi hori bazterrerat. Bederen Eskualdun huntarat nehork ez igor gehiago.

        Bota jauna edo deus ez. Hoberenik, hamarretarik bederatzitan, «Jauna» baino ere deus ez. Eskuarago da. Eskuaraz ongi mintzatzeko ez da aski hitzak banazka eskuarazko izaitea. Hura da bakarrik eskuaraz mintzo, nor ere mintzo baita eskualdunak bezala.

        Ea bada nor entzunen duzuen erraiten gutartean, edo zoin jaun ttipi ala handi bere izenaz deitzen delarik: «Jaun Oihanburu», edo «Jaun Errekarte»? —Ez eta Errekarte edo Oihanburu jauna. Izenaren aitzinean ala ondotik, bardin gaizki doa jaun hori.

        Oihanburuko jauna ba; Errekarteko jauna ba; eta etxeko jauna ere ba.

        Bainan eskualdunak bere sinaduratzat dakarren izena bera berik aski izen da gehiagoko forradurik gabe.

        Ezpeletan orok erranen dautzuete Dabid labur. Bertze edo zoin herritan Etxeberri, Larralde, Harizmendi. Nehork ez jaunik hor; are gutiago murde-rik.

        Zertako eman buruari hala ez dena. Izena berik motz dela eta itsusi? Zer du itsusirik berenaz izen batek? Zertako ken eskuari bere begitartea?

        Errazue nahuzuen bezenbat: Jaun medikua, Jaun erretora, Jaun notaria, Jaun errienta; Jaun esposa, etxeko jauna.

        Den gutienik jaun ez direnen artean ere ontsa doake: «ba, Jauna; ez, Jauna»; bainan hitz hori berik, hutsik, bakarrik.

        Izena erranez geroz, aski jaun da izen hura bera eskuaraz, Dabid ala Salomon.

        Eta ez da hori zuen ez ene gogotikako zerbait; eskuara da hola. Ez guk egina, bainan aitzinekoetarik ukan bezala beiratu behar duguna.

        Baitezpada ezin egona dutenek izen guziak, buruhas agurkatu, muziukatu, murdekatu gabe, erran dezatela «Monsieur» eta ez «Murde». Izpirik ez da berdin hau hura baino eskuarago; eta puska itsusiago da murde. Bata ez bertzea ez erraitea hobe.

        Eskuaraz mintzatu nahi direnek erraiten dute eta erranen Jaun jujea, jaun mera, jaun axuanta. Bizipide edo karguaren izenarekin jauna.

        Familiako deiturarekin, deus ez: Elizalde, Goienetxe, Amezpil.

        Gure baitarik orok hola erran ginezake; bainan ez dakit zerk egiten duen: izkiriatzeko luma eskuan hartzearekin, frantsesa doaku burura, eta ordutik debruak ereman du eskuara...

 

Eskualduna, 1908-07-17

 

aurrekoa hurrengoa