www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zezenak errepublikan
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1972

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Zezenak Errepublikan, Jean Hiriart Urruti. Jakin, 1972

 

aurrekoa hurrengoa

BA EDO EZ

 

        «Badakizu zer diozun? Ez ginuen sekulan asmatuko izan zaitekela aski gizon atrebiturik, gure artean, erraiteko, finkatzeko, Eskualdunak baduela, bi begitarte. Zer ausarkeria! Zer gezurra!

        Eskualduna! Gizon guzien artean famatua daukatena bere leialtasun, frankezia, eta oroz gainetik gizonak lur huntan izan detzazken kalitate on guziez, bi begitartetakoa? ...? ...?

        Nor da mintzo horrela? Réveil Basque, gazeta gorria, eskuara eta frantsesa biak bardin dazkiena, eta oroz gainetik, gizonak mundu huntan jakin detzazken mintzaire eta bertze gauza guziak bardin dazkiena eta oraino, oroz gainetik... hobekiago!

        Hortarik hasi eta, igortzen dauzkigu Réveil Basque-k bi lerro, eta oroz gainetik lauetan hogoi-ta hamalau lerro, samur-samurra; eta gehiago dena, biziki samur.

 

* * *

 

        Zer egun diogu ote Réveil Basqueri guk, horrela samurtzeko? —Zer egin diogun? Ahalgerekin behar dugu aitortu: egun hamabortz, erran dugu badirela gutartean gizon batzu, bi begitarte dituztenak. Hori zaio gaitzitu Réveil Basque-ri. Ez omen dezake neholare onets baditakela Eskualdunik, bi begitartetakorik?

        Beha zazu: Nork behar zuen erran Réveil Basque-ri, eian ez duen nehor ezagutzen bere adixkiden artean bi begitarte dituenik: begitarte bat eta aho bat, noizetik noizera Jainkoaz, erlijioneaz, Eskualdunaren leialtasunaz espantuka beso-gainka mintzateko; eta bertze aho bat, bertze begitarte bat, Eskualdunak sinesten eta maite dituen gauzarik errespetagarrienez trufatzeko. Eian, Réveil Basque, emozu behako bat zure mirailari, ikusteko zonbat begitarte dituzun, eta nolakoak...

        Mintzatu girenean bi begitarte dituzten gizonez, ez dugu aipatu, guk, ez Eskualdunik, ez kaskoinik, ez eta Réveil Basque-rik.

        Xoilki hau erran dugu; eskoletarik erlijionea kentzen duen legea ona balinbada, zuzena balinbada, lege horren alde direnek, eta bereziki horren azpiko diren jaun errient eta andre errientsek behar luketela lege hori den bezala begiratu. Erran dugu asko errientsa eta errient laiko, berek egin legearen kontra ari direla katixima erakusten, gobernamenduko eskoletan. Eta hori zertako? Jendearen enganatzeko; begietara errautsaren emaiteko; haurren gibelatzeko eskola giristinoetarik. Erran dugu lege hori ez begiratzekotz, behar litakela kendu. Ez lege, bai lege; katixima utz eta har; har eta berriz utz; otoitzak orobat: hori ez dela gizontasuna erran dugu.

        Ba, erran dugu: hori dela bi begitarte ukaitea. Zer da gero egia balinbada? Réveil Basquek derragula, egia denez hori, bai ala ez?

        Badea Frantzian lege bat, gobernamenduko eskolak erlijionerik gabe nahi dituena?

        Bai ala ez? Lege hura zuzena dea? Bai ala ez? Zuzen edo makur, legea denaz geroz, behar dea lege hura begiratu orotan bardin? Bai ala ez?

        Lege bat, on edo tzar, egin ondoan, lege haren aldekoeri azpitik esku emanez, bizkitartean berek lege hura hausten dutenak, nor nahi izan diten, bi begitartetakoak direa? Bai ala ez?

        Emaguzu horren gainean arrapostua xuxen, Réveil Basque. Gero eginen daukuzu, nahi bezenbat espantu eta larderia. Bainan aldi bat otoi mintza zaite xuxen. Ihardets ezaguzu galde horien gainean: ba edo ez.

 

Eskualduna, 1892-11-18

 

aurrekoa hurrengoa