www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zezenak errepublikan
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1972

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Zezenak Errepublikan, Jean Hiriart Urruti. Jakin, 1972

 

aurrekoa hurrengoa

HITZAREN JALE

 

        Duela hogoi ta zenbait urte, gure etsaiak, Frantziako gobernamenduaz jabeturik, berenetarik egiten hasi zirenean, eta bereziki erlisionea eskoletarik kendu zutenean, orroit zaretea, zer zerasaten? Anitzek engoitik ahantzia dukete; bizkitartean orroitzeko da, ez balitz ere behin betikotz erakusteko baizik zoin diren ixtilak eta ustelak, egosiak, barnean dutenaren gordetzaleak, gordetzea hobe dutela iduri zeieno.

        Eta gero datorla egun bat, ustez aski azkar direlakoa, sudurrera irri eginen dautzute Behin gezurra saka, sar ahala. Zer nahi sinets araz jende ahulari; zer nahi hitzeman, eta gero...

        Gero, iduri zeienean kenka ona dutela, hitza jan.

        Beraz herrietako nahiaren kontra herri-eskolez jabetu zirenean eta zuzen izpirik gabe beren eskuraturikako eskola hoitarik otoitza eta katixima fuera kanpo aurtiki zituztenean, ahoa betez bazerasazuten: etzutela xede gaixtorik erlisioneari buruz; baizik eta zera zela... bazitazkela, han edo hemen, asko herritan, burraso zenbait, beren haurrentzat eskolan erlisionerik nahi etzuketenak; eta eskola ororentzat zenaz geroz, ororen gogorakoa behar zela, makur-biderik gabe.

        En passant soit dit, so egizue hatik, zoin atxikiak diren eta zoin jarraikiak gure gizonak, ororen gogora egiteari, enegatik zu, zuregatik ni, den gutiena kolpatu gabe. Ah! Les farceurs...!

        Herri-eskoletarik erlisionea kentzearekin erraten zuten, halako boz gozo ezti bat eginez: «Gobernamenduko eskola ez da izanen oraidanik ez erlisionearen alde, ez kontra. Hori aski etzaiotenak, eta baitezpada beren haurrentzat erlisionedun eskola nahi dutenek egin bezate berek bere gogorako bertze eskola bat. Orduan izanen dire, baten orde, biga. Bakotxak hauta, eta hobe ororentzat, ez dea hala?»

        Ba egia, hala balitz ba!...

        Maltzur tzarrek bazakiten hamar herritarik zortzitan ba eta bederatzi eta erditan, eskola bakar bat aski dela, edo bederen mutikoen eta neskatoentzat bedera.

        Bazakiten bertzalde, trufatzea zela erratea: «Erlisionedun eskola nahi baduzue, egizue zuhaurrek zuhaurrentzat zuen gostuz». Ezen nondik jali, asko herri ttipi erromesetan, ala mutikoen ala neskatoentzat eskola berezi baten egiteko eta Seroren edo Fraiden bizi arazteko dirua? Nondik? Zertarik? Nola?

        Bazakiten ba urdek, etzitakena zela hori, anitz eta anitz tokitako.

        Eta gero?... Gero hau: utzi balituzte burraso giristino gaizoak, berenez beren, ahal zutena egin, libro; beren haurren, beren buruen eta beren moltsaren nausi?

        Bainan ez; nahi bazuten eta ez, bi buruetarik sangratu behar moltsatto hura; batetik azkarki beren eskola hura berenetik berek egiteko; eta bertze aldetik, herri-eskola Jainko gabe hura... hura ere aitzina, eta lehenik hura pagatuz, ezen zergadun guziek jasaiten dute hura, hara moltsa gaixoa bi buruetarik odola dariola. Horra ja gezurrezko libertate bat.

        Balitz oraino hein hori? Nahiz ez den zuzenez behar litakena, eta nahiz herriko eskolaz herria behar litaken ontsala nausi, erdi edo laurden libertate hori bederen baginu? Han edo hemen apur bat izan bada ere, non? Eta nola? Eta zenbat iraun du?

        Behinik behin herri gutitan egin ahal izan da eskola giristinorik. Mutikoentzat hirietan baizik nehon kasik ez. Eta neskatoentzat ere, herri arau, gutitan.

        Eta han ere, zenbat traba, zenbat mehatxu, nahaskeria, gerla eta kalapita; zenbat hisia eta jazarkunde, ez nahiz utzi burrasoak, bereziki apalak; beharrak, ahulak, ez utzi nahiz beren gogorako eskolan haurren altxatzera?...

        Haizu eta ez haizu. Alegia haizu, eta egia? Orok dakiguna.

 

Eskualduna, 1902-09-12

 

aurrekoa hurrengoa