www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zezenak errepublikan
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1972

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Zezenak Errepublikan, Jean Hiriart Urruti. Jakin, 1972

 

aurrekoa hurrengoa

LUR-IKARA

 

        Lur ikara bat izigarria izan da egun hautan, Txinako eskualdean, Japonia deitzen den tokian. Hamar egunez eremu handi batetan, jende guzia harritua egon da. Duela berrogoi urte gauza bera gertatu zen Japonian. Bainan oraikoan bazter guziak errautsi omen ditu. Iragan urriaren 25-ean. Ohartu zen behin jendea lehen inarros-aldiari; izialdura bat ona izan zuten; bainan gehiagokorik ez, egun hartan. Biharamunean, lurra geldi-geldia zagon; bainan zerua gorri samur batean; airea gorriegosi; jasan ahala epel eta pisu. Bazterrak kexu eta beldur. Abereak berak, dal-dal-dal, ikaran omen zauden; burua dilindan, jan ez edan ere nahi gabe. Biharamunagoan orobat.

        Lau-garren egunean zinak eta minak. Misionest gaixo batek igortzen daroku goizean, meza emanik, otoitzean zagolarik, burrunba handi bat entzun duela. Ez omen diteke asma, zer orro beltz lazgarria egiten zuen.

        Bertze misionest bat, mezaren emaitera zoana, aldare aitzinean erroz gora aurdiki du lur ikarak. Eliza-barnean ziren jende guziak orobat erorarazi ditu batzu bertzeen gainera.

        Ahal zutenak ahal bezala, batzu xutik, bertzeak herrestan ateratu dira elizatik kanporat, heiagoraz. Uste zuten eliza erortzera zoala. Eta izaitez gutitarik egin omen du ez baita dena erori. Lastoa bezala bazeramatzan lur-ikarak oro. Elizako aldarea, leihoak, sainduen potretak xirxikatu ditu. Kanpora direnean zer ikusgarria! Hiri guzia karraskan; jendea oihuka marrumaz, etxetarik kanporat ihes. Lurra arrailtzen da, han hemenka. Urradura heietarik ufaka badoa kea, eta gero extila edo lohia, goiti burrustan, ura erkituak gaindi egiten duenean bezala. Nehor ez dagoke xutik. Etxen erdiak lurrerat doazi, karraskan. Jende anitz leherturik han gelditzen da. Bi minuta baino gehiago ez du iraun egun hartako lur-ikarak. Egun hartakoa zen itsusiena; bainan hamar egunez, guti edo aski iraun du lur-ikarak, batean hemen, bertzean han Japonia guzia, eremu handia! hunkitu du. Ez ditake erran zer sarraskiak egin dituen. Hogoi mila hil badira; bertze hainbertze baino gehiago kolpatuak. Ehun eta berrogoita hamar etxe aurdikiak; hogoi bat mila bederen aurdiki beharko direnak, dilindan daudelakotz. Sofre erakitu usain bat gaitza bada. Han hemenka leize batzu, itsuski barna. Iturri batzuetarik ura bero-beroa eta beltz-beltza heldu da. Bertze iturri batzu iretsi ditu lurra, eta arrunt agortu dira. Lurra anitz tokitan beheititua da. Iduri du Japonia guzia iretsi behar duela. Bihotz-erdiragarri da, hats-bizi diren kolpatuen ikustea eta entzutea. Giristinoen ospitalea berriz egin beharko dute. Izanen da ospitale beharra, bizirik gelditzen diren dohakabeentzat.

        Japonian bada misionest Eskualdun bat, aita Mougaburu izena duena. Iragan urtean egin du Frantzian itzuli bat, eta izan du zoriona zonbeit egun bere sor-lekuan, Getarian, iragaiteko.

        Zonbeit hilabete badu hemendik urrundua dela. Bainan ez baitzen bide xuxenez itzultzekoa Japonialat, ez dezakegu erran lur-ikara hori gertatu denean, bere xedera heldua ote zen, ala ez? Gure arabera, ez. Nun ere baita, eta den tokian, ez du bihotz-min ttipia behar, berri hori ukaitearekin.         Hura dagon edo dohan tokia, denik ere, bertze zonbeit baino gutixago jo du lur-ikarak; bainan han ere, orotan bezala, ondorio hitsak utzi ditu Nago Mougaburu, misionest kartsu, gure herritar maitearen adiskideek ez dutela erratearen beharrik, hartaz eta haren lagunez oroitzeko.

 

Eskualduna, 1892-01-15

 

aurrekoa hurrengoa