www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zezenak errepublikan
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1972

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Zezenak Errepublikan, Jean Hiriart Urruti. Jakin, 1972

 

aurrekoa hurrengoa

DUELA

 

        Zer da duela? Hitz horrek iduri du eskuara dela bainan ez da hala. Duela deitzen dute frantsesez, hiri horietako buru beroek, odola gainditzen zaiotenean, elgarrekin buruz-buruka egiten duten borroka-aldi bat.

        Hortakotz hautatzen dituzte bakotxak bi lekuko; gero berriz gerlako tresnak: harma, pistolet edo sabre.

        Badoazi holako tenorean halako tokirat, zoin bere aldeko lagunekin eta, zer gerta ere, zaurien lotzeko eta... beharrez, bihotzaren altxatzeko on ditezken sokorri guziekin Hara direnean, emaiten dira biak atorra-mahungahas, edo gerriraino buluzirik.

        «Bahiza to? —Ni ba, eta hi? —Ni ere ba. —Goazin haste».

        Lekukoek izartzen dute lurra. Gure gizonak han emaiten dituzte, bekoz-beko, elgarretarik 30 urratsetan, tiroka ari behar direnean; eta sabrearekin edo ezpatarekin egiten diote keinu, eta berma hor; eian zoinek erreko dion bertzeari burua tiroaz; edo zoinek sartuko duen bertzea gerrenean!...

        Ez dira gero nola nahi behar jokatu: joko guzietan bezala, badira hortan ere legeak: hau haizu, hura ez. Legen arabera behar da han hasiz geroz, garraitu, edo hil! Ez da jostetarik. Urrats bat behar baino aintzinago edo gibelerat egiten duena, galdua da! Akabo haren ohorea! Ez duelakotz nahi izan xuxen ari, ahalgez urturik hil beharko da. Zer uste duzu direla hein hortako gizonak, adiskidea? Esku-ukaldi bakar bat makur emaitea aski litake, han, lekukoen aintzinean, desohore gorriaren biltzeko; non ez den huts egilea judua. Juduentzat, bertze asko gauzetan bezala hortan ere, oro haizu dira.

        Badu lau edo bortz urte Meier izena duen judu gazeta-egile bat, horrela ari zelarik ezpatarekin duelian, etsaiaren ezpatari lotu zitzaiola esku batez, beldurrez min har...! eta bertzeaz ixterrean barna sartu ziola bere ezpata. Gutitarik egin zuen, ez baitzioten bertzeari zangoa moztu izan behar Beharrik zen gizon pizkorra, eta odol onekoa.

        Haro handiskoa egin zuen orduan afera horrek. Bainan nola huts-egilea judua baitzen, eta bertzea, ez, xoilki giristinoa, nahiz ez hanbateko giristinoa, gerla zozo hortan ari zenaz geroz! bainan juduen etsai errabiatua, juduek egundaino izan duten etsairik azkarrena, Drumont famatua; juduen aldeko gazeta guziak berehala ixildu ziren.

        Meier juduaren jokoa Drumonek egin balu, ez zen Drumont xakurrentzat ere on izanen. Meier badabila oraino, kopeta gorarik, nehoren ganik beltzuri handirik ukan gabe.

        Egun hautarik batez izan da hor berriz bertze duel bat. Zertako? Luze litake xehetasunetan sartzea. Hitz batez errana da zer zuten makurra.

        Meier delako horren izen bereko judu kapitain gazte batek egin dio itsuskeria bat, Mores deitzen den jaun bati.

        Hitz batetarik bertzean duelera joan dira. Zer gertatu da? Moresek juduari ezpata sartu dio bularretan; ez bertze harek bezala, etsaiari eskutik tresna kendurik, bainan dueleko erreglamendu guzien arabera, xuxen, erdiz erdi. Egun berean judua hil da.

        Judu guziak berehala nigarrez eman dira, heiagoraz; «Gaixo kapitaina! Gaixo gizon goztea! Leher egin balezate Moresek eta juduen etsai guziek!»

        —Hiltzalea preso altxatu dute; behinere nehor holakoetan atxiki ez duten bezala eta gero libro utzi zazpi egunen buruko Ez dute berdin deusetarat kondenatu ahalko, duela onesten dutenaz geroz. Ba, bainan juduak kexu baitira ordean.

        Bertzenaz egia erran behar dugu: Duel joko hori nehon den jokori zoroena eta itsusiena da. Haurkeria bat litake, ez balitz astokeria. Zer bada? Gizonek ezin, hortara gabe, elgarrekilako gora-beherak antola? —Zertako dira tribunalak? Eta gero hobendunak bertzea kolpatzen edo hiltzen badu? Zer gizontasuna?

        Bizkitartean hori onartzen dute egungo egunean asko gizon, iduriz zuhurrek eta izenez giristinoak direnek. —Nahi badute ba.

        Bainan hori aspaldikoa da. —Nahi badu ba. —Mores eta bereziki Drumont gure aldeko beroenetarik dira. Erlisionea maite dute, bere ahal guziez badaukate gure aldea juduen kontra. —Nahi badute ba. Hobeki egin lezakete erlisionea pratikatzea, orroituz duelean artzen direnak eta hartan parte hartzen duten guziak Elizaz kondenatuak direla, eta eskumikoz joak; hanbat gaixtoago hori ahanzten duenarentzat, nor nahi izan dadin, judu ala giristino!

        Behin bazen eskualdun gizon gazte bat soldado. Erran behar da soldadoek elgarren artean makur handixkorik dutenean, duelean artzera bortxatuak bezala direla. —Bai ote, bortxatuak? Nahi badute ba. Ori, adiskidea, eskualdun soldado horri eman zioten beharrondoko bat. Bai eta hark bertze biga. Eta gero, nola nahi baitzuten bere lagunek duelerat bildu, erran zioten harek, bipil-bipila: «Nahi baduzue, ariko naiz duelian; baina nik hauta harmak». —Bertzek baiez. —Eta harek, bi eskuetara tu eginik bertzeari kontra torratzen dituelarik: «Goazin beraz esku huts».

        Batek irri, bertzeak irri: Ainsi finit la comédie.

 

Eskualduna, 1892-07-01

 

aurrekoa hurrengoa