www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zezenak errepublikan
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1972

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Zezenak Errepublikan, Jean Hiriart Urruti. Jakin, 1972

 

aurrekoa hurrengoa

APEZAREN PAGA

 

        Egundainokoa dugu; solas batek bertzea ahantzarazten dauku; eta zoin fite! Burua itzultzeko artean gogotik osoki galdua dugu sekula santan orroit atxikiren ginuela iduri zitzaukuna.

        Gauza guzietan bardin gira, bainan ez da deusetan hain ontsa ezagun, zoin giren ahanzkor, nola gure etsaiak erlisioneari dagion gerla herratsu izigarri huntaz delarikan aipu. Edo zoin jazarkunde itsusi, lege tzar eta ixtorio dezagutela egin, buhh! ... ez da mintzo jendea deusez gehiago, zer ere baita eguneko berri, hartaz eta hartaz, eta hartaz baizik Iduri ez dena badela; badena ez dela; hau dela, hura dela. Bar-bar-bar, oro hartaz elekan, egun bat; bi, hiru, zortzi egun goren-gorenaz. Gero tirrit; nehor ez da mintzo, ez eta ere orroit, deus ez balitz baino gehiago.

        Berriak fite xahartzen dire zurekin; xahartzearekin berehala mintu usain bat hartzen dautzute xakurrentzat ere ez baitire on gehiago.

        Emozu jendeari, bereziki bero idorte egun hautan, barnearen hatzemaiteko, berri fresko anitz; arrainak uretik jalitzean bezala baitire araiz berriz ere, berri hartan hoberenik. Gero, ez hain on; histen berehala.

        Bitxi da garbiki, zoin haurrak giren. Haurrak diot, zerbeit erran beharrez, ez baitzaut heldu eskura haurrak baino ere gutiago, ez-deusago den zerbeit, hemen ezartzeko.

        Mementoan apezen pagaz da solas. Bainan zer derasat? Atzo zen, edo herenegun apezen pagazko solas hori. Paga hori kentzera zeramala gobernamenduak entzun ginuen... Jaz; gero berriz kendu zuela. Gaizki zela ere ginion hori. Bainan horrek ere, bertze guziek bezala, bere aldia egin du, egina du. Ea badenez geroztik horren eta aitzinagokoen eta ondotikakoen ahanzten laguntzeko bertzerik deus...

        Ba balinba!... Non ginintazke gu, berriak ez balire berritzen? Hasteko, guti, xaharrak berri eta berriak xahar beti beretik ari litaken kazeta peges hau, ez balinbadaut sakelari kendua betetzen? Berriz... hitz hori norat dagon ez baduzu lehen aldian konprenitu, irakur berriz; eta aski ez bada, ez hor geldi.

        Jo aitzina beti, lerro bat irakurtu-ta ezin gogoan hartuz egon gabe. Ez koka solas berean, ez bazira lokartu nahi, kazeta eskuetan zaharturik. Trufaz mintzo nitzauzuela erranen duzue. Ez dut erranen ezetz. Bada alafede hor zertaz trufa; zuek eta ni barne, irri-egingarri baita, zoin laster asetzen giren solasik arinenez ala pizuenez, ditaken gogoeta-garrienaz bardin. Asetzen eta kasik nardatzen, akitzen berehala. Ahamena iresten dugun bezala, bizpahiru itzuli ahoan emanik, irets berriak ere. Hasmarru pixka bat ondotik eta doala, zera bere bidean.

        Janak jan, edanak edan, erranak erran, ez badenez deus bertzerik?

        Erraten dautzuet zinez eta jostetak bazter utziz, harrigarri dela zoin gutik dakiten gutartean orroitzen! Beti gogoan behar ginintuzkenak egunetik biharrera ahantziak ditugu. Erraten baita biharamunaz ez girela orroitzen; are gutiago bezperagoaz. Batek bertzea kuku, egungoak atzokoa, biharkoak egungoa, fuilla itzul, irakur eta kurri aitzina. Ez denez bitxi!...

        Ahanztea bat duzu; ahantzi nahi ukaitea da handi. Eta hemen hori dugu ardura ikusten. Buru arin eta buru ahul baizik ez bagine, bainan ez baitugu nahi ere orroitu ahantzi behar ez ginintuzkenez; ez baitezakegu jasan asko egiaz eta eginbidez bertzeek orroitaraztea bera.

        Ez eta guri guhauri etsaiak eginez orroitaraztea ere. Iduri min egiten daukula orroitzeak. Iduri ahantziz ez daukula egiten eta eginen bardin kalte, edo gehiago.

        Hau erran beharrez hasia dut solasa; apezen paga ala zer nahi ken etsaiak; ken libertate bat ala ken hamar; burrasoen zuzenak ala haurren arimak, oro ken aldizka, bat bertzearen ondotik, batetara doala.

        Bat baizik ez dakarkagu gogoan eta mihietan: azken hura beti. Bertzeak oro ez balire bezala.

        Nor da ja mintzo imitorioez? Halaber ahantziko da Aita Sainduarekilako nakur handia, oraiko azken hori, non ez gaituen etsaiak berak bortxaz orroitarazten. Gure baitarik? Ez ginitazke bi asteren buruan, deus izan dela ere orroit, ez delarik bizkitartean ehun urte huntan hori baino gertakari handiagorik ikusi Frantzian.

        Nik ez dakit jendearen zentzua ahulduz doan, ala zer.

        Eskola giristinoez, haurren giristinoki altxatzeaz, haur gaixoen arimez, nor da mintzo? Nor da orroit?

        Aspaldikoa da hori, Urak eta apezen pagak bide egin dute geroztik.

 

Eskualdun Ona, 1906-09-07

 

aurrekoa hurrengoa