www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zezenak errepublikan
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1972

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Zezenak Errepublikan, Jean Hiriart Urruti. Jakin, 1972

 

aurrekoa hurrengoa

OSTATU ETA OSTALER

 

        Bazter guzietarik solas berak heldu zauzkigu: ez dela gehiago nehun ostatu behar bezalakorik, ez dela ostaleren aldetik den gutieneko artarik, ez larderiarik, beren etxeari zor zaion errespetuaren begiratzeko; ez dela gehiago, ez iganderik, ez astelegunik, ez erretirarik, ez deus onik. Zoko guziak ostatu oker tzar batzuez beteak; edo zoin egunez, edo zoin tenorez, auzoetako gizon guziak ostatu hetarat bilduak; gau eta egun osoak han alfer, arnoaren izena ematen dioten pozoinkeria batzuetarik edan eta edan: hanxet daudezila gizon gazte langileak, aita familiako zaharrak, oro baltsan batzu bertzen galgarri.

        Bertzelakoak ziren lehengoko ostatuak, bai ostalerak, bai eta ostatuetan zabiltzan gizonak. Nor ere baitzare, hau irakurtuko duzuna, orroit bazare orai duela hogoi, berrogoi urtetako berriez, eman ditzagun orduko ostalertsa etxeko-andreak, egiazko etxeko-andreak, beren etxean beti oneski, eta behar-orduan gizon batzu bezala mintzo zirenak, nehoren beldurrik gabe; ostatuak beren tenoretan xuxen hesten zituztenak, eman ditzagun oraiko ostalertsen aldean. Ahalge eta okaztagarri da ikustea zoin lazoak, zoin ez-axolatuak diren egungo egunean, ostalergoatik bizi direnak.

        Estakurutzat emanen dautzute ezin-bertzean direla. «Ai, jauna, bazinaki ongi zer buru hausteak ditugun! Eta halere, ezin bizi, dugun irabazitik. Azken ofizioa da, hitz dautzut, gurea!»

        Egia diozu: hala da: azken ofizioa.

        Nundik heldu da bizkitartean ofizio nardagarri horri jendea hainbertze emana baita? Nundik heldu da, lehenago ostatu bat edo biga baizik ez ziren tokian, baitira orai bortz, hamar eta askotan hogoi ostatu?

        Hirietan ala oihanen erdian, etxen erdiak ostatu; batzu agerian, bertzeak gordez, arno saltzen, aguardient saltzen; dela koñaka, dela bermut, dela «chartreuse», zer nahi izenetako edari guzietarik urrats guziez, edateko. Erran gabe doana, oro dirutan, oro sakelaren eta osasunaren kaltetan Ostalerek, berea biltzekotz, ahal bezen merke erosi... edo egin edarietarik ahal bezen hainitz eta ahal bezen kario saldu nahi. Halere ostalerak ardura hartze baino zor gehiago: ezin bizi, ostatuko irabazitik. Eta beren ahotik beti solas bera: «Azken ofizioa...»

        Zer egin? Erratea bezen errex balitz egitea, baginakike berehala zer egin. Ez gintzazke, beheraxago aipatzen dugun andre auzapez zorrotz harek bezala, ostatu guziak legeaz hets-araz. Bainan erdiak ba, berehala hets gintzazke, edo bederen berririk egiterat ez utz. Emeki-emeki ttipi litazke. Ttipitzearekin gehixago irabaz lezakete, bai eta ere menturaz bere ohorea hobekixago begira.

        Lege bat ezarria izan baladi oro hunkitzen gaituen gauza horren gainean, ez litake nehorentzat kalte. Ez dugu nehor bereziki begietan. Ez daukagu ere gure errana nehork gaizki hartu behar lukela. Ezen asko tokitan orai diren bezalako ostatuak deus onik ez dira, baizik ere elgarren poxolu; elgarren jale, eta bertzen galgarri.

 

Eskualduna, 1892-09-02

 

aurrekoa hurrengoa