www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zezenak errepublikan
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1972

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Zezenak Errepublikan, Jean Hiriart Urruti. Jakin, 1972

 

aurrekoa hurrengoa

OHOINAK

 

        Ohoinen eskuetan gira; ohoinak ditugu nausi Frantzian. Badagozi hogoi-ta bortz ohoin preso, gure jaun deputatu, zenator eta ministroek baino ohointza gutiago eginik.

        Ohoinak direlakotz, legea bera, legea, gauzetan den zuzenena berenaz, behar bederen litakena zuzen, ohoin bilakarazia dute. Legea ohoin! Ez baitire beren buruez ahalge, bertzeak bertze!

        Ebats komentuak; ebats giristino eskoletxeak; ebats orai azkenik apez-geien altxatzeko zer nahi gostarik egin Semenarioak Oro ebats berehala: Semenario handiak ala ttipiak oro.

        Ebats herrietan elizarenak ziren apez-etxeak; ebats arimentzat utzi meza sariak; herri gehienetan baitire hilek utziak, edo hilentzat biziek meza batzuen emanarazteko edo bertze zerbeit ongirentzat; eskola, eri, pobre laguntzeko diru batzu; kapitala gobernamenduaren eskuan, intres ttipia emanik ere, seguragorik ez ahal zelakoan, oro, oro, oro, ebats gure ohoinek, legez edo alegia legez; berek egin legea ere den baino tzarrago eginez berek, ondotikako décrets, circulaires buztaneria zirtzil zantzail batzuez.

        Ororen gainera orai apez geieri aterbea ken, fuera kanporat semenarioetarik beren buruzagiekin, deus gabe, zituzten guziez gabeturik apezteko eskolatzen ari ziren guziak.

        Ebats etxea, ebats laneko alkiak, liburuak, jateko untziak; lo egiteko matalaza bera ebats azpitik haur eta istudiant gazte gaixoei.

        Buluzirik, larruturik ezar oro kanpoan. Bertze nonbeit, ahal duten bezala bizitzeko, berriz elgarretara biltzerat ez haizu, non ez duten ehun mila formalitate, zerga berri, patenta berri, zer nahi despendio berri egiten lege berriaren uztarriari jartzeko.

        Goseak hil ditzan, edo diru xahutzeak lotsaraz; edo berak ez lotsaturik ere jendea dadin akit, beti emaiten; beti ororen leguntzen; beti etsaiak bata bertzearen ondotik egin zilo guzien tapatzen... ahalak oro baderamatzate.

        Hoinbertze gosta behar bada erlisionea, ez baditake burutziarik egin, azkenean debruak daramala utziko duela jendeak, ari dire hola framazonak, jo, jo, jo aitzina, tira ahala tira.

        Komentuen ondotik, herrietako eskoletxeak; eskoletxen ondotik semenarioak.

        Semenarioen ondotik apez-etxeak; apez-etxeen ondotik elizak. Ez dituztela elizak hetsiko mintzo baita jendea; berek hala diotela: ez dutela elizen hesteko xederik... zertako ez? Bainan gaizo ardiak gu, zertako sinets, guk, otsoen erranak?

        Erran zuten, komentuek aski zutela biamenaren galdatzea; salbu jesuistei eta ez dakit bertze zoini ere, bertze guzieri emanen zutela baimen hori: l'autorisation. Hara, non diren oro lurrean, errainak hautsirik. Bat ez baita «aurisation» eskaintzen zutena ardietsi duenik. Ebatsi ba etxeak, lurrak, kaperak, zituzten guziak. Deus ez eman, ez deus utz; oro ken, oro ebats.

        Erran zuten: elizen eta elizari doazkon apez-etxe, semenario eta bertze guzien imitorioa egitean, ez zutela xede gaixtorik. «Pour conserver les églises... et le reste» ari zirela, gure gatik, gure onetan, erran zuten. Pour voler ba; horra non den froga. Ez baita holako argirik, itsuei ere begien idekarazteko.

        Apezek deus ez zezaten ebats ari zirela zioten. Zer kopeta!...

        Ea nor den ohoin orai hor: apezak ala bertzerik?

        Eta horra nolako gizonei dioten gure izenean beren boza eman beso-gainka, egun izigarri hautan... vote de confiance en règle gero, duda-mudarik gabe, eta ez behin bakarrik, hiru, lau alditaraino; ez tronpaturik, jakinean, odol hotzean, holako alimalei boza gure eskual-herriko hiru deputatuetarik biek.

        Bi horien izenak ditzagun eman berriz hemen, eta ez egun azken aldikotz ala fede ezetz. Deitzen dira bi jaun hoik: Legrand eta Pradet.

 

Eskualdun Ona, 1906-12-14

 

aurrekoa hurrengoa