www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zezenak errepublikan
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1972

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Zezenak Errepublikan, Jean Hiriart Urruti. Jakin, 1972

 

aurrekoa hurrengoa

JALGITZEA

 

        Soldadoak astezken goizean heldu zirela igorririk Baionako adiskide batzuek hiru ehun Larresoar eta Halzuiar bildu dire goizean goiz, herriko eskila entzun orduko, semenariorat.

        Huts-eginik zen igorria berria. Goiz guzia behar egon eta barreiatu zen jendea, emeki-emeki.

        Arratsean jin zen segurtamena biharamunekotzat.

        Iluntzeari buruz bizpahiru jandarme, gero bertze hainbertze, gau guzian heldu, gero-ta gehiago, preso hartzerat... nor uste duzue?

        —Herriko elizako ezkila. Ohoinek ez baitute alabainan harrabotsik nahi. Halere ihiziko tuttut eta atabal, ahalak oro egin dituzte Larresoarrek, nahiz adi arazi.

        Bezperan hiru ehun, egunean ehun bildu dire, orori ezin adi-araziz.

        Kanporateko borta guziak hetsi dituzte; apezak eman dire birazka ganbaretan gakoz.

        Argitu-eta, zazpiak eta erdiak ondoxean jo du komisarioak etxean sartzeko ate handia. Hiru aldiz: «Au nom de la loi, ouvrez». Hiru aldiz oihuka errespusta Larresoar gizonek: «Non, non; vive la liberté. Fuera! A bas les voleurs! C'est toi, Clerch?...»

        Eta gero gizon okaztagarri hari buruz, zer nahi, ahora jinak oro. Zerbeit entzunik dago.

        Aizkora, palanga eta zer nahi tresna dorpez joka xehakatua dute, pusketan ezarri Semenarioko borta handia.

        Soldadoak zituzten, Frantziako soldadoak, batzu eskualdunak, ohoin-lan horren egiteko.

        Heiek zila arau Larresoar gizon azkarrek barnetik tapa, taula zaharrez, leihoz, alkiz, hatzemaiten ahal zituzten guziez.

        Hiru oren laurden baino gehiago eman dute, ezin idekiz.

        Noizpeit azkenean sartu da bitorios, burua gorarik, kana besoaz han harat bermatuz, Napoleon Clerch, apez, fraide, serora desarmatuen garraitzalea.

        Bertze kopetarik zuen Itsasun.

        Apezen ganbaretako ateak aise idek zitzazketen, ahulak baitziren; bainan aizkora ukaldika hautsi nahiago ukan dituzte; gaitzituak omen gure jaunak, kanpoko borta handia idekitzera ez utzi nahiz lanak emanik Larresoarrek. Ohoinei erran behar naski: «Sar zaitezte, jaun onak. Ongi etorri!»

        Jandarmek besotik hartu eta ereman dituzte banazka oro kanporat. Jandarme bati segurik eskua daldal ikaratzen zitzaion, hobenik gabeko apezaren besoa hunkituz. Bertze batek nigarra begian erran dio zeraman apezari. «Sinesten ahal duzu, jauna, ez girela oro gogotik ari lan huntan. Badut aneia bat apez», ala ez dakit «osaba» erran duen aneia orde.

        Bertze jandarme batzu aldiz idorrak izandire eta moldagaitzak, ez apezekin, bainan gizon gazte batzuekin, bati ukumila bat gibeletik emaiterainokoan, bertze bati erri batetako larrua jauzarazterainokoan. Lau edo bortz preso alxatu ere dituzte (izitzeko) eta gero izenak harturik, utzi.

        Bertzek baino gehiago deus erran ez egin gabe multzotik hartuak zituzten itsura; ez baitziren den gutienik izituak. Izenak hartu eta libratu dituzte, oren baten buruan.

        Ithurry, herriko axuanta utzi dute, zagola bakarrik etxe aitzinean, kanporat kendu apezekin. Gaineratikoak oro urrun arazi ditu jandarme kapitainak, frango idorki.

        Nahi zuketen etxerat joan semenarioaren eta han gelditu pusken zain utziz oxtian jardamez fuera kanporat jalgi apezak.

        Ez baitzuten hauiek halako gutiziarik, behar izan dute ohoinek beren gain hartu ebatsi gauzen zaintzeko lana. Behin lau, gero bi jandarme ezarri dituzte, nahiago ahal baitzuketen bertze zer nahi egin.

        Ondoko egunetan ikustekoak ziren eta ditazke oraino jandarmeak Camborat deraman bide bazterreko landa batean, arbi ateratzen ari, behientzat.

        Nor nahi da jarri ohoinen mutil? Semenarioaren zaintzeko eskaintzen dituzte ilabeteko ehun libera. Nekez hatzemanen dute herrian, ez kantonamenduan.

        Beltzuri onik baluke, Larresoarretarik guziz Eskualduna balitz, Contcho Hazpandarra Ahurtiko beneditanoen etxean zen bezala. Beltzuria baino beltzagorik ere ba.

 

Eskualdun Ona, 1907-01-03

 

aurrekoa hurrengoa