www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zezenak errepublikan
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1972

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Zezenak Errepublikan, Jean Hiriart Urruti. Jakin, 1972

 

aurrekoa hurrengoa

SEMENARI HANDIA

 

        Baionako istudiantak, etxea tarrapatan huts-arazirik, berrogoita zortzi oren baizik ez utziz, halako etxe gaitzaren husteko, zortzi egun atxiki dituzte hanxet barnean, gaixtakeriaz; berak jalgi ziten edo han egon jatekorik, ez laneko libururik, ez deus gabe.

        Azkenean ikusirik hiria kexatzera zoala, eta behar ziren laguntza guzien helarazteko arima onak zoin gehiagoka zabiltzala, bereziki Baionatik eta Miarritzetik, ostaler eta ostalersa batzu, handi eta ttipi; bertze asko ere ba, pobre ala aberats, orotarik; astezken goizari buruz, gauaz inguratu dute soldadoz eta jandarmez semenario handia; eta gero argitu-ta berehala, bortak hautsirik, banazka, birazka jandarmen artean jalgi dituzte kanporat ixtudiantak, beren apez buruzagiekin.

        Jaun superiora Joseph deitu apez jakitate eta saindutasun handiko bat da; biarnesa; 63 urte ditu; 40 urte bederen, medikuek bularrak galdutzat etsitu zutela. Geroztik beti eri eta beti aitzina lanean, gaitzeko gizon luze bat, herioa iduri begitartez; haren ikustea prediku bat da: are gehiago, entzutea.

        Gizagaizoak galdatu du otoi utz zezaten azken jalgitzera, ez nahiz makurrik gerta zadin barne hartan, bera han izan gabe; eta galdatu bezen fite ardietsi du. Den tzarrenari alabainan bihotza hausten baitzaio noizetik noizera.

        Jandarme batek bere aneia ixtudianta buruz-buru eginik barnetik kanporatekoan jauzi egin dio gainera ta nigarrez elgar besarkatu dute bi aneiek, komisario tzar eta guzien aitzinean.

        Hiritik jendea semenariorat abiatu orduko lan guzia egina zen. Gauaz eta goizean goiz dabiltza ohoinak, beldurrez jendea asaldaraz.

        Zer nahi eginik ere, ageri da jendea oldar balitzeie, ez litazkela bertze batzu baino izi gaitzagoak. Indar guziak eskuetan izaki, eta halere jendearen beldur!...

        Ah! baginu batasun eta atzartasun gehixago!

 

aurrekoa hurrengoa