www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zezenak errepublikan
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1972

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Zezenak Errepublikan, Jean Hiriart Urruti. Jakin, 1972

 

aurrekoa hurrengoa

SEMENARIO TTIPIA

 

        Baionako semenarioa bertze orduz halaber ebatsia izanik, bihurtu zuen ohiko gobernamenduak orduko Apezpikuari, gauzak xuxen zirenean, lur poxi batekin. Semenario zaharra ez aski; delako lur haren gainean da egina, zaharraren aldean, biek bat egiten dutela, oraiko semenario hau.

        Lehen ebatsia bihurtu ondoan ere beti berena baitaukate alimale hoiek, bazuten estakuru bat: semenari handia gobernamenduaren lurrean egina, beraz gobernamenduarena dela.

        Bainan Larresoroko semenariorentzat ez dute holako estakururik. Larresoar Deguerre apez Hirigoingo semeak hasi zuen. Erreboluzioneko denboran ebatsi oraiko ohoin hauien idurikoek. Gero enkantean joan zen; eta Sabarotz deitu Uztaritzeko erretorak erosi zuen.

        Geroztik beti handituz joan da eta edertuz, apez eskolemaile kartsuen lanari esker.

        Jaun Apezpikuak iragan igandeko letra hunkigarrian erran duena, ez du, ez gobernamenduak, ez departamenduak, ez herriak egundaino ardit bat eman. Ez du nehork zehe bat lur han bererik, Jaun Apezpikuak eta harekin semenarioko buruzagiek baizik. Beraz ohointzetan ditaken ageriena, itsusiena da Eskualdun semenario hain maite ginuenaz jabetzea.

        Xehetasunak hitzeman ditugu; huna egun, oro ez bada, gehientsuak.

        Astearte arratsaldeko bi orenetan izan zen, bi bere kideko gizon tzar harmaturekin, Clerch zikin hura: biharamunagoko huts zezatela etxea semenarioko haur guziek eta buruzagi apezek.

        Jaun tzar hura ezaguturik Chalbat Makear, portierak, laster egin zuen, superiora herriz kanpoan baitzen, haren ondoko, ekonomaren bila.

        Hau berriz, hain xuxen, ez bere ganbaran. Komisarioak bazakien, ikusten zuen bila zabiltzala; bainan gure jaun handia ezin egon da oren laurden bat beha. Portierari hasi zaio bere paper zurruburuaren irakurtzen, erranez bardin zaiola nori nahi irakur Mutilak arrazoinekin erraiten baitzion, etzakiela zer zerason, fuera joan da bizpahiru lerro bortari irakurturik. Alimalea! Ez balu jaun apezpikuak depexa igorri, 48 orenik barnean etxea hustu behar zutela, hanxet zagozin, gizon tzar hari esker, deus garbitasunik jakin gabe.

        Berehala lotu dire lanari: lehenik haurren etxerat igortzeari, zoin beren puskekin.

        Gero atera dituzte apez nausien liburu eta bertzeak; azkenik etxearen gauzak; salbu, elizetan bezala Semenarioetan ere imitorioa egin baitzuten jaz, hartan ekarriak zirenak: hiru kalitz urrezko, bi urrezko ziborio edo ostia saindu untzi; apezpikuaren ganbarako apaindura guziak; apezen ganbara bakotxean ohea bi matalazekin, arropategi bat, laneko mahaina, sei kadirarekin; haurren ohe guziak matalaz bederarekin eta bedera kadira; laneko alki guziak, jateko mahain marbrezko ederra; lau dotzena kollir furxeta eder; baso, azietak, orotarik hunenbertze; mihise, ohestalgi, xukader.

        Bortz abere buru; orga pare bat, eta zer ez oraino?

        Hoik oro eta bertze asko han utzi behar; etxea bere lur guziekin eta gobernamenduaren eskuetan emanak zituen arrandekin. Oro ebats, aski garbiki errana zutelarik, imitoria ez zela egina deusen ebasteko, bainan ba deus gal ez zadin.

        Halaber izanen da, elizen aldia heldu denean, sarrixago.

        Orotako dorpeena baita mezaren emaiteko eta Sakramendu Sainduaren atxikitzeko untzi sakratuak han utzi behar izaitea. Jinkoak daki zer esku zikinetarat eroriko diren eta nola dituzten erabiliko!

 

aurrekoa hurrengoa