www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zezenak errepublikan
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1972

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Zezenak Errepublikan, Jean Hiriart Urruti. Jakin, 1972

 

aurrekoa hurrengoa

JAUN APEZPIKUAREN JALGITZEA

 

        Gazeta hunen irakurtzale gutiz gehienek elizan irakurtzen entzun dukezue Jaun Apezpikuak semenarioen, apez etxe guzien eta bere egoitzaren ebasteaz eman duen letra ederra.

        Bihotzmin handitan dugu diosesako buruzagia, bainan ez lotsatua; ez eta den gutienik etsitua. Urrun da!

        Zer nahi jasan, hobe dugula gure buruen jabe, tzarren esklabo baino, dio. Hala baita.

        Ez ditzazkegu eman, iragan ortzegunean, atzo zortzi, Baionako hiriak, bere etxetik jalgitzearekin, gure Jaun Apezpiku kartsu, harditari erakutsi dion atxikimenduazko frogak Etsaia oharturik hiria biziki asaldatzera zoala, nahi zuketen gauaz inguraturik, semenarioetako apezak bezala, goizean goiz, jandarmez kendu kanporat Jaun Apezpikua. Ordre guziak emanak ziren itsuskeria horri buruz.

        Bainan gero gogoratu zeie asaldu handiagoa baizik ez zela izanen hiriko eta inguruetako jende onek ikusten bazuten Apezpikua jendarme artean zoala. Ez da bera beldur; badaki, goiz edo berant, azkenean hauk oro hartarako direla, ez bada ere handiagorik izaiten oraino. Agian ez eta agian ba!

        Ororen buruan, utzi dute, bera jalgi zadin, egunaz, ortzegun arratsaldean. Gehiago dena, polizarik ez fritsik ez dute igorri; gertatzen zena gerta zadila.

        Beharrik ez baitire katolikoak bertze batzuen iduriko, deus makurrik ez da izan: ez nehork minartu; ez behar ez zen oihurik, ez deus.

        Alta, bada, mundu bat zen; Apezpikuaren Baionako hirian lehen aldikotz sartzean baino anitzez jende gehiago; karriketan koka ahala, ikus ahala urrun, beltz beltza oro; lurra ez ageri. Urrats bat ezin egin biziki nekez baizik.

        Handi eta xehe, orotarik han bazen. Gazteriak zaukan Apezpikua inguraturik, zer gerta ere. Lanak ukan baitituzte katedralerat sartzeko bide ezin egin araziz.

        Donibane-Lohitzuneko gazte andana bat gauaz, oinez, etorriak ziren Urruñarrak, berantegi jakinik, ezin etorri dire; eta bertze frango halaber.

        Gehiago eta hobe zitaken, bainan bazen aski. Katedralean eman dute Kredo, guziek: hunkigarri zen. Gero Jaun Apezpikua predikalkirat iganik mintzatu da. Entzun eta ikusi dutenek ez baitaukate ahantzirik zer duen erran, eta nola. Beti kuraia, beti konfiantza.

        Ditzatela ebatsi guziak atxik bainan utz erlisioneari libertatea.

        Lau aldiz esku-zartaka: «Vive Monseigneur!» oihuka ihardetsi dio populu guziak bere artzain onari. Bainan hunek erranik, ez zezatela oihu egin «vive l'Evêque!», bainan ba «vive le Pape» eta «vive Dieu! Vive notre Seigneur Jésus-Christ!» oihu egin dute orok, harek galdatu bezala. Bainan azkarkiago baizik ez zuten gero berriz egiten oihu: «Vive Monseigneur!».

        Horrela dute ereman karrosako zaldiak kendurik, eskuz karrosa zeramatela, Espaniako karrikan den eskoletxera, egoitza berri bat hatzeman arte.

        Handik bazoazin hiriaren bertze burura, suprefeturaren etxera, libertate galdez. Jandarmek bidea hautsi deie.

 

Eskualdun Ona, 1906-12-28

 

aurrekoa hurrengoa