www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zezenak errepublikan
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1972

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Zezenak Errepublikan, Jean Hiriart Urruti. Jakin, 1972

 

aurrekoa hurrengoa

FEDE ONA

 

        Eskuaraz fede ona baino hobeki doa frantsesez «la bonne foi». Hitz berak direlarik, ez dute bi mintzaietan bardin garbiki gauza bera erran nahi. Bertze askotan ere gertatzen dena da. Frantsesetik eskuararat itzuliaren bortxaz, hartzen dire azkenean; bainan behin eta behin badagoke bat, bertzeak zer deraskon jakin gabe.

        Fede ona emagun dela leialtasuna, faltsukeriaren kontrarioa.

        Frantsesetik eskuararat, eskuaratik frantseserateko harat-hunata baino nahasgarriago da: mintzai berean ere, batetik bertzera gabe, asko aldiz eta bereziki egungo egunean, ez dena badela nahi bailiokete gizonek hitz askori erran-arazi.

        Hala nola hemen; ez federik, ez eta, oraino are gutiago, fede onik ez den tokian ahotaraka mintzatuko baitzauzkitzu fede onaz.

        Eskuaraz «fede ona» bezen guti baita frantsesez «bonne foi».

        «Il est, ils sont de bonne foi; la bonne foi sauve tout, heureusement». Hogoi-ta bortz eta bortz ehun aldiz aditurik gaude gezur hori; frantsesez bezen ardura eskuaraz; horren erraileak berak, noiz edo noiz, fede oneko balinbaziren ere; uste bazuten ere, zinez eta egiazki, nor ere baitzen aipu eta hura «de bonne foi» zela... tuntik ez baitzen egian.

        Politika delakoari doazkon urhatsetan da maizenik eta gorenik ahoz-aho ibilki «fede ona», izaitez gutienik ari den lekuetan.

        Jende xehea, populua, «guk zer dakigu?» noiz nahi mihian duelarik, beti orok baino xuxenago eta hobeki oro balazki bezala makurrari jarraikiko zautzun populu gaizo hura, ez berak dion eta zuk uste bezen gaizoa... ja, ja! ez eni erran! gaizo edo alegia gaizo hura ez haatik uste gabean, huts eginik, oneko eskualdeari lotuko, bere ez jakinean, bere zozoan. Baduk hoberi, putil!

        Onari balinbadago, ikusten duelarik on hura tzarra baino ahulago, errazue populu hura zinez ona dela eta onekoa, bera.

        Sinestea: la foi; sineste ona: la bonne foi. Harek du, harek; makur azkarrari zuzen ahularen alde buru atxikiko dion harek.

        Ez dautzu populu harek, nahi bezen gibelatua izanik ere asko zeretan, erranen, zuk hitz bat jalgi orduko: «Guk zer dakigu?» Badaki tzarra ez dela ona; etsaia, ez adixkide, nahi duen bezenbat ele zuri dariolarik ere.

        «Guk zer dakigu?» derasan populuak ez du fede onik; haren fedeak ez du deus balio. Ahula da, hil hurrana da, ez balitz bezalatsu da.

        Fede egiazkoa balinbada, bizia, ona, garbiki erranen dautzuet: hanbat gaixtoago! Ezen orduan, ez-azolkeriaz, Jainkoarekilakoa baino haren etsaiekilakoa egin nahiagoz, fede on (?) hura zangopean emanik dauka.

        Ezta hor, uste hau eta hura ez uste, zeren estakuru bila ibil. Fede ona egintza onetan da ageri; ona ez dena berriz araberako egintzetan.

        Jende xeheaz, populuaz baino are egiago da hau buruzagiez; herrietako auzapez, axuant, boz-biltzale, beren buruei zu errailez.

        Gizon zuzena dela holakoa, salbu, horra... politikazko zer hoitan; hoitan ere... ez zuk eta nik uste bezen barna sartua makurrean; hala balitz ere, fede onean dela, de bonne foi, zenbat aldiz ez duzue aditzen? —Eta sinesten edo erdi sinetsiaren egiten.

        Bardin balio du, adixkide ala etsai, hau irakurtuko duzuenek hartuko duzue nahuzuen bezala: egungo egunean, ba eta ja hogoi-ta gehiago urte huntan, Frantziaz nausitzerat utziak eta nausitzen guhaurek lagunduak ditugun gizonak, eta heikilakoa egin nahiz, zer nahi estakuruz, heien alde boz-emaiteak eta eman-arazteak barnea kilikatuko ez dion gizona, izan bedi bonetun ala xapeldun, gizon eskolatu ala ez, engoitik, debrua izanik ere, aitortzen ez duena: eskualde hau makurra da eta hori xuxena; hau erlisionearen alde, hura kontra..., hortan orain eta beti ez jakinarena, zozoarena eginen dautzuenari errozue den gutieneko dudamudarik gabe, nere partez goraintzi eta gezurra diola.

        Daukat ez dela jendea den baino astoagotzat idukitzea baino astokeria handiagorik.

        Fede onaz barkantxago mintzatzea ez ote ginuke hobe, eta maizago fede hilaz edo eriaz, merke salduaz, trahituaz?

        Datxikola, hor bi gogoeta!

 

Eskualduna, 1910-10-21

 

aurrekoa hurrengoa