www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zezenak errepublikan
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1972

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Zezenak Errepublikan, Jean Hiriart Urruti. Jakin, 1972

 

aurrekoa hurrengoa

BIZITZE ZUHURRA

 

        Behin baino gehiagotan aipatu izan dugu, zoin hertsi eta neke bilakatzen ari den gutartean bizitzea. Ez da langilearentzat irabazbide onik. Laboraria bereziki beheiti doa, nahi eta ez; batzu lerraka emeki bertzeak lasterka tarrapatan; batzu oinez, bertzeak zaldiz, bainan oro, edo gehienak azkenean beheiti. Eskual-herriko etxalderik ederrenak eta zaharrenak zorren pean leherturik erortzen ari dire batzu bertzen ondotik karraskan.

        Etxe ttipiek edo bierartekoek araberan luzazago ihardokitzen dute; bizkitartean gutiz gehienak herstura handitan dire. Lanik aski, xutik ezin egonez.

        Harrigarri da zenbat lur eta zenbat etxe saltzen diren urte bakotxean, nausiak beren egitekoetarat ezin helduz! Bertze hainbertze balitazke oraino saltzeko, baldin balute erosle. Nork nahi du ordean etxerik eta lurrik erosi? Nork du ahal?...

        Alde orotarik zinkurina berak: alferretan ari dela lanean, lurrarekin borroka; ezin bizi!

        Lur-langileak baino are gaizkiago direla diote bertze asko, hala nola harginak, zurginak, zapatainak. Bertzetakorik aipatu gabe, zoazi Hazparnerat. Han dire omen egun hautan zinak eta minak.

        Lanik ez edo lan guti ja bi edo hirur hilabete huntan, eta naski behingotz hoberik deusen ikusteko itxura guti. Nola bizi? Nola iraun aria hortan?

        Alde batetik lan eskasa, bertzetik zorrek eta zergek beti jaten ari. Zerga handiak ditugu jasaiteko; egia da hori; zor anitz ere ba eiki. Zergak ikusten ditugun heinean balinbadire, ez da baitezpada gure falta edo bederen hala uste dukegu, nahiz azkenean zerga biltzaleak ere guk ditugun izendatzen.

        Bainan zuzen ote da, hersturan girelakotz, estakuru guziak oro zergen gain emaitea? Zuzen ote da erraitea, lan eskasak, zergek eta irabazbiden galtzeak garamatzatela leizerat? Hitz batez erran dezadan, huts guziak nausienganik edo gobernamenduko gizonetarik heldu ote dire?

        Erran dut harrigarri dela ikustea zertaratuak diren Eskual-herriko etxalde zaharretarik gehienak. Nahuzu entzun egia bat, adiskidea? Ez dakit zure gogoaren berri; bainan garbiki erraiten dautzut: gehiago harritzen naiz, nere baitan gogoetan nagolarik, ea nola dirauten oraiko etxek? Ez da ene buruan sartzen ahal, nola mirakulu ez duten oraiko etxaldeetarik zenbeitek lehenago leher egiten?

        Laborari etxaldeez erraiten dudana bardin erran dezakezut bertze edo zoin etxez, edo zoin dirudun edo diru gabez, nausi ala langile, zure eta ene begien aintzinean bizi direnez.

        So egizu bazterretarat; sar zaite holakoaren edo halakoaren etxean, edo zoin egunez, igande ala astelegun. Goazin bertzenaz, dugun elgarrekin Eskual-herriko bilkura zenbeitetan itzuli bat egin. Dela herriko besta, dela merkatu edo feria, edo ihauteria, nik ez dakit oraino non eta zer...

        Egizu so ongi; jendea nola bizi den etxean, eta nola dabilan etxetik ateratzen denean?

        Hazta-zkitzu eta jasta begiz oraiko janari-edariak, untziak, untzitegiak; oraiko apaindurak eta xingolak, eta girgilleriak. Ikus azu etxe hura eta hango edergailuak, haurren jostatzeko zaldi-ta karrosetarik haste.

        Erraten dautzut harrituko zirela.

        Nondik zuketen jende horiek hoinbertze sos eta diru ez-deuskerian eta behar-gabeko gauzetan xahutzeko?

        Bizkarraren gainean derabiltzaten pildazoroak eta zintzurrari behera igortzen dituzten zurruburukeriak utzirik, balakite xuhurki bizitzen; balakite beren buruen behar bezala apaintzen, ergelkeriarik eta izariz goragoko urgulurik gabe; balakite gorputzari emanez behar duen hazkurria, handik gaineratiko jan-edan soberakin edo galgarrietarik beren buruen zaintzen, nik hitz dautzut, adiskidea, bertzela argi lezaketela oraiko etxe zaharrek bai eta ere oraiko mutil-neskato gaztek?

        Non dire lehenagoko galtzerdi xaharrak, urre gorriz edo bederen zilar xuriz mukurru beteak? Non dire bertze orduz etxe inguruetan iguzkiari zabal-zabala irriz ikusten ziren oihal luze ederrak?...

        Ez da gehiago etxe-altxagarririk deus. Deus ez da iraunkorrik ez eta gehienik behar litazken gauzetarik. Zertako hori? Zergak handituak ditugulakotz ote? Ala lanik ez delakotz, eta irabaz-bideak ttipituak direlakotz? Ez, amigo, ez da hori. Zer da beraz? Zer den? Ageri ahal da! Eta zuk hori ez ikusten? Hanbat gaixtoago zuretzat, bertze asko bezalakatua balinbazira. Bainan halere, gizona itsuak baino itsuago da egia hau ikusten ez duena: ez dela gehiago bizitzerik, erran nahi dut ohorezki bizitzerik, zeren ez baita gehiago xuhurtziarik.

        Nehor ez da bere heinean egon nahi. Ttipiak handien, handiak handiagoen ondotik, batzu bertzei ezin jarraikiz; gure buruak ezin aski apainduz; jan-edanetan ez jakinez gure tripari manatzen; herrestan bizi gira, biharamunaz orroitu gabe.

        Gero datorla eritasun bat; datorla urte gaixto bat: akabo besta. Etxea sal, eta alpotxak bizkarrean eske; edo bertzenaz ihesi itsasoaz haindirat.

        Ihesi doazinek halere badukete zerbeit ekualde edo xede on, non ez diren bertzerena ebatsirik joaki. Beldurrak, ahalgeak edo zorren petik nolazpeit ateratzeko nahikundeak darabiltza.

        Bainan zenbat ez dire hemen berean gelditzen, eta hemen bizi, bertzerenaren gainean, jaun eta andre handi? Bazter guziak zorrez beteak, eta ez iduri deusen eskasik baduketela.

        Gauza guziak arabera hartan dire, xapeldunetarik gutarteko langile xumeenetaraino. Sehiak nahi dire nausi etxeko-andreak bezala bizi, hek bezala apaindu; non ez baita errex ezagutzea nor den sehi eta nor nausi edo etxeko-andre? Nor den aberats eta nor ez.

        Ez da erraiteko baizik: badakit herri bat, aipamenez aberatsa, izaitez ere aspaldian aberats behar litakena. Herri hartan badire asko familia, beren lanetik iragan urtetan aste bakotx hogoi libera, bederen gutienik hamar libera bazterrerat eman zetzazketenak; ongi biziz, eta lanean baitezpada lehertu gabe. Lana ttipituxe da ba edo gelditu zenbeit egunez?... Berehala miseria gorria eta gosete beltza.

        Non dire urte onetako irabaziak? Haizeak eremanak aspaldi.

        Ez da hor harat hunatik. Ez da bizi-bide onik ez denean zuhurtziarik.

 

Eskualduna, 1894-08-03

 

aurrekoa hurrengoa