www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zezenak errepublikan
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1972

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Zezenak Errepublikan, Jean Hiriart Urruti. Jakin, 1972

 

aurrekoa hurrengoa

ZERTAZ BIZI?

 

        Behin bazen Uztaritzen mediku bat, Nobion deitua; hastetik berehala emaiten ditut izenak, nor eta non, ez dezazuen gatik uste izan ez naizela egiaz mintzo. Han dire lekukoak oraino bizi.

        Jaun harek bazituen hiru haur, hiru seme tarrotuxeak. Ageri zuten haur heiek, amaren bularra utziz geroz, arrontki bezen azkarki haziak zirela. Barne ona zuten eta larru ederra. Alta bada pereku eta maina guti zuten etxean, beharrez kanpo. Lanik aski bazitzaioten burrasoei beren ume pizkorren haztea eta heztea; nehon ezin egonak baitziren ere; pildak maiz urratuak; beti zerbait behar goiz arrats zintzurrari behera? Bazuen beraz amattok semettoekin zer egin, heien ongi artatzeko.

        Egun batez aitari gogoratu zitzaion, behar zituela haur hoik zenbait egunentzat etxetik urrundu. Burrasoek etxean bakea eta ixiltasuna gozatzearekin, haurrek ere on baitzuketen aire-sanja poxi bat.

        Bainan ordean norat igor haurrak? Jaun harek bazituen oihan-aldean etxetiar batzu, senar-emazte, haur gotor aralde batekin. Bertze ontasunik ez zuten, osasuna baizik; zer behar da gehiago?

        Gure jaun medikua, bere hiru semeak berekin harturik, badoa etxetiarrengana. Gizona oihanean zen abereak uztarturik joana oteketa. Ezmaztea etxe-zain, aza jorran ari. Haur zeheria bat han gaindi etxe-inguruetan itzulipurdikan ibilki; zaharrena zen bakarrik aitarekin orgetan joana.

        «Jainkoak dizula egun on, Maria. —Bai zuri ere, nausia. —Ari zare lanean? —Bai, jauna; zu ere ibilki zure haurttoekin? Gaixo haurrak! Engoitik egarrituak dire. Zatozte barnerat, jauna, ur xorta baten edatera, baldin atsegin baduzue gure ur hotxaren jastatzea. —Bai eta gogotik edanen dut nihaurek ere gopor bat ur; bero da bide hortan. —Bai, jauna; eta hemen ardura bazterrak idor. —Zaude ixilik, Maria».

        Sartzen dire sukaldera eta pegarreko uretik edaten dute lau aita-semeek «Ah! zer ur garbia eta goxoa! Hunek eta hemengo aireak on handi eginen deie gure haurrei. —Nola, jauna? —Maria, behar dautazu atsegin bat egin. —Bai, jauna; eta gogotik ahal badut. —Behar dazkidatzu hiru haur hauk hemen atxiki, gau eta egun, bizpahiru astez. —Bainan, jauna... —Xo, Maria; ez dute deus arta bereziren beharrik. Emozute zure haurrei bezala jaterat eta edaterat. Josta bedite gero hor gaindi oro elgarrekin; eta lo ere hor nonbeit eginen dute; adin hortan eta bereziki udan, harri hutsaren gainean bardin ongi daude haurrak lo. Maria, otoi ez maina niri haur hoik. —Ez, jauna, ez. —Eta orai, Maria, banoa etxerat; egun on eta izan ongi ni berriz etorri arte».

        Jaun medikua berriz etxeratu gabe, bazakiten auzo guziek berria; gure jaunak larrerat ereman zituela bere haurrak. Egintza hori batzuei eder zitzaioten, bertzei aldiz bitxi.

        Biharamunean medikua erietarat zoalarik, etxeko-andre batekin egin zuen bidean buruz-buru: Agur, etxeko-andrea. —Zure zerbitzari, jauna. —Zer da berri? —Jauna, barkatuko dautazu; berri da, haurrak oihanerat ereman dituzula. Ez dut sinetsi. Egia dea, jauna? —Egia da; eta zer da gero? —Jauna, ez dakizu ongi zer egin duzun! —Nola ez! —Jauna, ez dezakezut erran. —Errazu beti. —Zure haurrak nola behar dire han bizi? —Erran diot etxetiarsari, biziko direla harenak bezala. —Bainan, jauna, zertaz nahuzu bizi diten? —Zertaz, etxeko-andrea, zertaz biziko diren? Eta zertaz uste duzu bizi zirela etxean? Zertaz biziko diren...? Debruen arima? Gu eta gure burrasoak bertze orduz bizi izan garen bezala: «artoz eta mukuz».

        Frantsesek diotena: «Autres temps, autres moeurs». Egungo eguneko medikuek bertzela dituzte beren haurrak altxatzen. Zer diot? Medikuek! Oraiko jaun-andre ttipiagoek ere handizkixago dauzkate beren haurrak, bai eta beren buruak. Oro maina eta lausengu. Behinik behin bizkarrean derabiltzaten pildak ahalgegarri dire; xingolaz eta girgileriaz estaliak derabiltzate. Jan edanetan, ez dakite zer aski onik eman: sukre, kafe, zokolet, bixkotxa, bonboneria, zurruburru. Arto puska bat miletan hobe bailukete.

        Zertako uste duzue laborarien haurrak sanoago direla, bana bertze hirietakoak baino, eta azkarrago?

        Bizkitartean, gutartean ere ikusten ditugu burraso zoroak. Irri-egingarri da ikustea, orotan bizipide on guziak galtzen ari direlarik, zoin diren aita batzu eta ama batzu itsu; zoin ahul diren eta buru-gabe haurren altxatzearen gainean.

        Hiritarrak osasun bila mendietarat datorzin denboran, gu menditarrak bagoazi asko aldiz hirietarat. Haurrak baderamatzagu Miarritzera eta nik dakita norat? itsas airearen beharra badutelakoan. Itsas airea! Hobe lukete arto eta zingar pozi bat.

        Ez naiz mintzo eriez; ez eta aberats handiez. Eri denak nonbeitik ona nahi du; eta dirudunak xahu dezake diru, bere buruari kalterik egin gabe.

        Bertzeak gauden etxean: haurrak bederen utz ditzagun han handitu arte. Oihanean direnak han dire hobekienik, triparen betetzekoa zerbaitetarik duten ber.

        Lehenago kanpañarrak zoazin hirietarat bizitzen ikasterat; ikasi ere dute zenbeitek hiritarki bizitzen, behar baino gehixago.

        Egungo egunean hiritarrek behar lukete kanpañetarat etorri, bizitzen ikastera. Balukete zer ikas...

 

Eskualduna, 1894-08-10

 

aurrekoa hurrengoa