www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zezenak errepublikan
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1972

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Zezenak Errepublikan, Jean Hiriart Urruti. Jakin, 1972

 

aurrekoa hurrengoa

APEZ BAT HERRI BAKOTXEAN

 

        Asko aldiz entzun dukezu gizon zoro batzuen ahotik solas hau: «Eskual-herrian bai eta Frantziako bertze zenbeit tokitan behar baino gehiago apez badire. Hala nola erretor eta bikario bat edo bia diren herrietan, zertako dire bi edo hiru apez? Bat aski da herri bakotxean gaineratiko guziak sobera dire».

        Egia da horrela mintzo diren gizonak ez direla mila hanbatekoak; bainan ordean izaki halakoak ere! Eta ez badira ere gutartean nehon hanbat sinetsiak, halere beti mintzo; eta gehiago dena, heien erranak indarrik aski, buru ahul zenbeitetan sartzeko.

        Dugun ikus zer ihardets dezoketegun, egiari zor zaion bezala, xuxen eta garbiki mintzateko.

        Iduri luke horrelako ahapaldi buru buztanik ez duten horien aipatzea bera kasik nardagarri dela. Egiazki hala da ere. Bainan zer egin dezakegu, baizik ere etsaiak derasatzan gezur eta berdolikeria guzieri muturra hauts, nahi bezen okaztagarri izanagatik? laster bakea ginuke, ele tzarrak eta heien erraileak bazterretarat uzten ahal bagintu. Bainan ezin-bertzea dugu. Bardin deus ez gira ari, ixilik egonez, etsaia geroago eta makurrago eta gaixtoago doan denboran.

        Eman dezagun Eskual-herrian ez dela herri bakotxean apez bat baizik; herri ttipietan bat: handietan ere bardin bat. Hartarat geroz, herrian sortzen diren haurrak batea detzazke, bai eta hilak ehortz apez bakar batek, non ez den eri... Bainan eritzen edo hiltzen denean, nondik atera haren ordaina, bertze guziak zoin beren tokietan banazka balinbalire? urte gutirik barnean herrien erdiak apezik gabe gelditzerat heldu litazke.

        Erran gabe doa hilen ehorzteaz eta haur ttipien bateiatzeaz bertze lanik baduela apez batek. Sortu berriekin eta hilekin baino gehixago zerbeit badu egiteko, bertzekin, nahi baditu bere eginbide guziak bete.

        Ez naski, ez luke egiteko handirik, ez baliote nehork lan gehiago emaiten gorago aipatu jaun horiek baino Bainan, Jainkoari esker, ez dire oro heien iduriko; ez eta behar ere.

        Zer nahi lukete bada, ala sortzeko eta hiltzeko bi egun labur hetaz kanpo erlisionerik gabe bizi? Edo bertzenaz apezik gabe ikasi eta begiratu erlisionea?

        Doazila Frantzia barnerat. Han kausituko dituzte herri anitz, eta herri handiak apez bakar batekin; heien aldean bertze frango, apezik batere gabe; zirenak hil, eta ordainik ezin ukan, soberakinik nehon ez delakoan. Han ori, ez dute emaiten apezek poxolu handirik. Halako tokietan diren apez bakarrek ere, badute zorigaitzez aizina edo astia frango. Igandetan meza ixil baten entzutea bera sobera zaiote frango gizon eta emazteri. Eliza hutsean, elizako lau murru hotzeri behar da mintzatu han apeza, igande sainduan!

        Hartaratua nahi ote lukete ikusi gutartean zenbeitek Frantzia guzian, eta bereziki Eskual-herrian erlisionea eta erlisionearen erakasle Jainkoak mundu huntan ezarri apeztasuna? jainkoak begira baitzala zorigaitz hortarik!

        Ez, ez dugu utziko galtzera, ez eta gutitzera gure Eskual-herri maitean apeztasunaren hazia. Gure haurretarik bat edo bertze Jainkoak bere zerbitzurat deitzen duenean, ez dugu gibelatuko, bainan bai lagunduko bere xedera heltzen, gure ahalaren arabera; eta bihotz onez!

        Bihotz onez emanen diozkagu Jainko onari galdatzen dauzkigun guziak, orroituz hari emana behinere ez dela gal.

        Badakigu zenbat traba, zenbat ele nahasi, lege tzar eta maltzurkeria derabilaten debruak eta harekilakoek, gure erlisione sainduaren errotik kentzeko. Hartarakotz are gehiago nahi diotegu erakutsi gure herritar eta bereziki gure odoleko apez-geieri gure atxikimendua, orroituz berekin dakarketela gure ondokoen artean fedearen gora-behera guzia.

 

Eskualduna, 1892-09-09

 

aurrekoa hurrengoa