www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zezenak errepublikan
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1972

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Zezenak Errepublikan, Jean Hiriart Urruti. Jakin, 1972

 

aurrekoa hurrengoa

BEDERATZI URTE

 

        Egun betetzen ditu bederatzi urte, lehen aldikotz agertu zela Eskualdun kazeta hau. Hamargarren urtean sartzera goazi.

        Gure xedea zen orduan Eskual-herriaren gure ahal oroz argitzea eta laguntzea bere zuzen ala behar-ordu guzietan. Eskualdun giristinoa nahi ginuen eta nahi dugu oraino ere argitu erlisionearekin egiazko gizontasunari doazkon eginbide guzien gainean. Zertarik eta nola, noren nahitik doazin legeak, on ala tzar; zertako eta nola baztertu behar litazkeen lege hoieri buruz gure etsaiak, eta nola oldartu behar litzaioketen gaxtaginek eginikako eta luzaz nausi uzten baditugu, egin-gogoko lege galgarrier; horra laburzki hastapenetik hunat zeri nahi izan ditugun ohart arazi Eskualdun gure irakurtzaileak.

        Xede berean gira beti; bainan xede hortarat buruz egin ote dugu, eta egiten zerbeit onik? Ez ote da gure lana gutiz gehienetzat alferretan? Ez, ez balinba! Gutienetik bederen balinba bederatzi urte hautan jarraiki zauzkigun irakurtzaileetarik zenbeiti zerbeit onik sartu ahal diotegu buruan.

        Zenbeiten gogotik asko ilunpe, asko lano kendu dituzkegu; itsu zenbeit argitu, zerbeit gezur suntsitu, egia zenbeit ere ba ezarri lur onean behingotz ongi landaturik...

        Bertzenaz alabainan etsitzeko litake osoki Eskual-herriaz; ba, egiazki etsitzeko Eskualdunen fedeaz, gizontasunaz, gure arbaso atzar eta erne, giristino azkarrek utzi dauzkuten ontasunik ederrenez! Jainkoak begira gaitzala!

        Datxikagun beti gora eta zut eta oso gure eskualduntasuna; datxikagun hemen, gure sor-herrian, gure lurrean, gure etxeetan gure nausitasuna. Ez utz gure eremuetan arrotza, bereziki arrotz etsaia nausitzerat. Dagola bakotxa bere zedarrietan.

        Gure buruen jabe nahi badugu egon beti, jakin dezagun beldurrik gabe, behar arau mintzatzen eta egiten. Ez izan uzkur, ez herabe. Jazar etsaiari, zangoa buruaren gainean ezarri nahi leraukigukenean Eta ez badu sinetsi nahi gu girela, gu Eskualdunak, herriko nausi, jo muturrean.

        Etxeko jaun batek nahi ote luke bere etxean arrotz bat nausitzerat utzi? Halaber dezagun herrian herriko gizonek atxik beti gure nausitasuna. Elgar lagun, elgar susta eta sustengan. Ah! baginaki horrela eskuz-esku, bihotzez bihotz orok bat egiten... baginaki! Zer indarra ginuken etsaiari ihardokitzeko?

        Batzuek uste dute, hauk oro kazeten eta kazeta-egileen egitekoak direla. Herriko goiti beheiti guzia, lege, lege tzar eta bertze... hots, zer eta zer guziak oro gogotik eman litzazkete jauntxo batzuek gure gain, kazetari hotz eta hits, ahul girelako batzuen gain. Hortakotz araiz igortzen daukute noizetik noizera: ea zerari giren? Lokartu girenez ala farlesian erori?

        Barka otoi bizitasun hau; bainan ez nauke erran gabe, garbiki, ez daukatala, baden hori baino astokeria handiagorik. Zer beraz? Guk behar ginuke, guk bakarrik lur hau argitu, ontu, erabili! Eta zuek, jaunak, deus ez? Orobat lakiket erraitea, egunazko lanak oro iguzkiak behar dituela egin; eta gauazkoak; nik dakita? Hek naski, nausia, eta zu, etxeko-andrea, zaude bi besoak kurutzaturik, argiari so, ea zer ikusiko duzun? Nik hitz derautzut, egun eta gau laburrik barnean, bazter politik eta zoko garbirik argituko duela zure argiak.

        Ez da erraiteko baizik, halako igel, apo eta bare batzu behar ditugula guk ere zenbeit aldiz iretsi... edo barneak gaindi egiten duenean, holaxet jin bidez gibelerat igorri Goraintzi nor ere baita hura eta hari.

        Bertze batzuek erranen derautzuete, burua bi aldetarat derabilatelarik, bi besoak, bi begiak goiti altxatuz: «Ai, kazetak... kazetak! Hobe litake, miletan hobe ororentzat, batere ez balitz kazetarik; haro gutiago».

        Hala da hori, egia da, egia handia, gizon maitea, bainan ez baita ordean... zer litaken hobe; zer den hobe baita solas.

        Zuk eta nik hau edo hura hobe litakela erranikan ere, urak aitzina bere bidea eginen baitu beti.

        Guk erranikan ere: miletan, ehun miletan, hobe litakela kazetarik ez bertze halako paper zurruburru hoitarik ez izaitea; baitire ordean kazeta tzarrak eta tzar heieri behar-orduan ihardesteko behar baitire kazeta onak! Ez da hor harat-hunatik; debalde dugu lehengo mende eta jende dohatsuak gogoan jarririk egoitea, gibelerat beha.

        Jeiki beraz hortik eta itzul, itzul alde huntarat, hunat; ez gaizki dabiltzanei jarrikitzeko, bainan gibelerat dakarzkikegunen biltzeko; edo bederen gure buruen hobeki zaintzeko, ikusiz bertzeak nola doazin eta zerk galtzen dituen.

        Bide makurretik doanak du bide xuxenaren erakusle beharrena. Eta xuxenean denak daki, zer eta nolako lanak dituen; zenbat argi eta laguntza behar diren, xuxenetik makurrerat ez zeihartzeko.

        Banuke hor engoitik aski erranik, gogor ez denari adi-arazteko, nahiz ez duten, gorago erran dugun bezala, kazetek egiten bakarrik egungo eguneko gora-behera guzia, bizkitartean hein batez, bai oneko bai tzarreko, indardun direla kazetak. Zorigaitz kazeta onek baino tzarrek irakurtzale gehiago duten herriari!

        Debruek darama laster hango jendearen fede oso eta zinezkoa, gazteriaren garbitasuna, herriko buruzagien zuzentasuna; hitz batez, erlisionearen funts guzia.

        Solasa luzegi dakidan beldurrez, ez naiz mintzo kazeta on batek erlisioneko eta gizontasunezko egiez kanpo bertzalde dakarzkitzan argiez, bereziki laborantzari buruz.

        Munduaren lau bazterretako berriak ere apur bat jakitea on da; laket da. Egungo egunean, asko bilkuretan, bertzeak nonbeiteko gora beherez mintzo direlarik, deus ez dakiena zozo da; eta zozo ez denean, are gehiago ahalgetzen da bere buruaz, ez dea hala?

        Ixiltzen naiz; bertzenaz nere lagunak samurtuko zauzkit, toki guzia ebasten diotedala...

 

Eskualduna, 1896-03-16

 

aurrekoa hurrengoa