www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zezenak errepublikan
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1972

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Zezenak Errepublikan, Jean Hiriart Urruti. Jakin, 1972

 

  hurrengoa

IGANDETAKO LANA

 

        Deusetarik ez duzu hobeki ezagutuko zer heinetan den herri batean erlisionea, baizik ere ikusiz herri hartako jendeak nola begiratzen duen igande eguna. Gure Eskual-herrian berean ikus azu zertaratuak giren, duela hogoi urte hautarik hunat. Oroit zaite zure herrian berean, nungo nahiko izanagatik, nola iragaiten zen bertze orduz igande eguna, goizetik arrats. Eta orai aldiz...! Garbiki, ahalgegarri da zertaratuak giren.

        Ez naiz mintzo meza bezperen entzuteaz, nahiz balitaken nun zer erran. Ez naiz mintzo ere, igande egunetan egiten diren sal-erospenez, libertimenduez; ez eta ere igandean hor gaindi harat-hunat, herriz-herri, bidez-bide, batzu ihizin, bertzeak arraintzan, gehienak bere burua zoin bere lekuetan ezin jasanez, iduri ez dakitela nola jan denbora; ez naiz mintzo ase eta pasea, alfer daudenez edo dabiltzanez. Banuke gaurko eta biharko lan, orotaz mintzatzekotz.

        Mintzo naiz bakarrik lanaz, igandetako lanaz. Bertze orduz Eskual-herrian, ez eta ere nehungo giristino herrietan nehork ez zuen lan dorperik hunkituko, baitezpadako ezin-bertzean baizik. Horrelako behar orduetan langilek galdatzen zuten herriko artzainaren permisionea. Jainkoari esker, oraino ere badira herri onak, usaia zuhur hori daukatenak. Bainan asko tokitan galdua da edo galtzen ari usaia hori. Horrela, nahi eta ez, jendea lazatzen da, igandearen lege sainduari buruz. Batek lan poxi bat, bertzeak puska bat egin; erdietan behar handirik gabe, emeki-emeki jendea sorraiotzen da; zer ere ikusten baitugu bertzeer egiten, hari jartzen gare. Den gutieneko estakurua aski dugu igande betean lanean artzeko. Estakururik ez duenak, bilatuko du... ba eta errexki hatzemanen. «Hau egin behar, hura egin gabe ezin utz; alabainan bizi nahi; eta futxo, igandetan lan hau edo hura egin gabe, ezin bizi». Ehun mila zinkurina. Bardin-bardina mintzo dira hor gaindi igande egun edo goiz guzia, burdin-bide horietan eta bertze asko lanetan igande goiz guzia ari direnak.

        Bainan nunbaitikako langile dohakabe hek bederen paganoak dira; edo giristino bezala bateiatuak badira ere, pagano bilakatuak dira. Gu, Eskual-herrian, ez gira oraino pagano bilakatuak; ez nahi ere! Ongi, ederki. Bainan ez dezagun sobera espantu egin. Ni beldur naiz, paganoak ikusiaren bortxaz, eta heiekin bizitzearen bortxaz, ez ote giren, ohartu gabe, paganoak bezelakatzen ari. Beldur naiz ez ote giren zonbeit lekutan jadanik hortaratuak.

        Nork erranen denbora batez, ikusiko gintuela Eskual-herrian, herriko langileak, igande egunaren legea kolpatzen, goiz osoak lanean, aitzur-lanean?

        Nik badazkit Eskual-herrian horrelako Eskualdunak, horrelako giristinoak. Nahi duena eskandalisa bedi: ez nauke begien aintzinean dudana erran gabe. Ez dut izendatzen herria, ez nahiz herri hartako erretora eta hango giristino egiazkoak ahalge-arazi. Neroni ahalgetzen naiz, erran behar izaiteaz baditezkela eta badirela Eskualdun giristinoak beren buruen nausi ez direnak, eta igande eguna lanean deramatenak, erranez asteko lana gal lezaketela bertzela eginez. «Bizi nahi...»

        Orai arte nola bizi izan dira? Bainan debalde duzu deusen erratea. Hortan gira...!

 

Eskualduna, 1892-01-08

 

  hurrengoa