AMORRUA (lagunak I)
Zu barik flakatzen hasia ei nintzen
oroiminaren telepredikadorea amatatu
eta tabernara abiatu naizenean.
Varadero kopa lausotua ezpainetaratu orduko
antzinako amorruzko zapore ezaguna
gomutapen ahaztuen bazterrera irristatu da.
Memoria zirrikituz beteriko harkaitza da,
non Prousten madalenak itsas aingira bihurtzen diren.
Horregatik 2001eko hilabete batean
iragazi da legeen aurreko aro prehistorikoa
eta elkarrek elkarri elikatzen zion amorrazioa,
bizi-motore eta helburu.
Eta orain badirudi
gauza guztiak maionesa bezain light direla,
ematen du
bizitzaren depositoa tantaka husten dela errepidean.
Zu barik urregorrizko zapore honek
zuhurtu baino lurruntzen du begirada.
Badaukat zerez flagelatu arrastiria.