Sagarroiak
Sonia Gonzalez

Euskaltzaindia / BBK, 2002

 

 

BJÖRK ETA PIRATAK GINEN GU

 

Pirataz beteriko goleta da iragana.

Ez dugu gauza handirik deskubrituko

esaten badugu oraina dela

Irla ezezaguna eta Karibdisa bidea

etorkizuna.

 

Lurra! oihukatzen du lemazainak

eta denak zoro lez abiatzen dira

gastatutako ura baino espejismo

zuhurragoa den lur eremurantza.

 

Han ostargi-belarrak hazten dira.

 

Bjórk-en begiak dauzkan neskak

harrera egingo die,

kakoa eta zurezko zangoa

bordatik botatzeko ordua dela esateko,

on-beharra edo gibel-asmoa

erakusten duen begiradaz.

Eta pirata gehienek kasu egingo diote,

dena lur eremu finko zatitxo baten truke.

 

Baina guk, ababorretik,

soslai itsuaz badakigu

ze zaila den eraile sena erbesteratzea.

Konfidantza galdu genuen aspaldi

fidagarritasunarekin batera.

Pentsatu ondo, ezpata lagatzean,

defentsarik gabe gelditzean,

ez ote den asmo ona lurmutur

honetan zintzur egingo dizuna,

ez ote diren ostargi-belarrak

andere-mahats beltz bihurtuko.

 

Erriatu belak! Karibdis ez da urrun.

 

Sagarroiak
Sonia Gonzalez

Euskaltzaindia / BBK, 2002