HITZ PARE BAT
Hitz pare bat soilik esateko
sagarroiak itzuli egin direla.
Salta-saltoka ibiltzen zara
Varadero kopa hark bustitako
aingeru-hegalak eragin nahiean,
ile gorria solte.
Baina hitz pare hau
Saharan uholde bat bezain
ulertezina da,
zure desexistentziatik,
haragirik gabeko tropoek
aditzen ez omen dutelako.
Amets arraro baten izerdi hormatua zara orain,
altxatu eta, kaleko obrak direla eta,
ur barik utzi nautelako antzeko
ezintasun eta amorru sentsazioa zara orain.
Bai, tropo traketsa zara orain.
Eta hori ez da nahikoa.
Beldur naiz arantzak egunen batean
desagertuko ote diren.
Orain nire ilea odol kolorekoa da,
gorri horrek buruko pentsamenduak
zugandik hurbilago mantenduko al ditu?