Sagarroiak
Sonia Gonzalez

Euskaltzaindia / BBK, 2002

 

 

ZURE FALTAZ GEROZTIK
DENA DA ESTUAGO

 

                                            «Noraeza amaitu zen: eman nion zure izena»

                                                                                   Miren Agur Meabe

 

 

Helburu barik xahutzen diren hainbat bizitza ikusita,

helburu bako ordubetea ezin krimen larria izan.

Noraezean irten naiz kalera,

noraeza helburu bakarra bailitzan.

Hiriaren bizkarretik urratsak

ez dira sekula berregiten,

oinatz ikustezinak dira.

 

Hautsak gainezkatzen dituen

               arkupe erdi izkutuetatik pasa naiz,

baina aspaldian betetzen genuen txokoaz

               beste batzuk jabetu dira orain.

Gure lotsagabekeriaz ikaratzen genituen

               atso-balkoien aitzinetik gurutzatu dut gero,

baina nire gaurko soiltasun lotsatua

               ez ei da inor ikaratzeko gauza.

Tabernaz tabernako prozesio galduan abiatu azkenik

                ea goizaldeetako belzturaz kontatzen didaten,

baina zure itzalarik ezak eragin duen

                argiaren eraldatzea ez omen du inork igarri.

 

Oparitu diot berriro neure burua noraezari,

noraeza helburu bakarra balitz bezala.

Eta hiria txiki geratu zait,

ur berotan sartutako

                            zure artilezko jertse grisen antzera.

 

Sagarroiak
Sonia Gonzalez

Euskaltzaindia / BBK, 2002