AS TIME GOES BY
Elkar ezagutu bako egunak
egun deslaituak egutegian,
hilabeteen nekropoli gorria osatuz;
zure bizitza nirearen berri barik
iragaiten dela ziurtatzen delako.
Hutsune ulertezin hau
sofisma garauez elikatu eta,
hala ere, 2. Mundu Gerrako
lehergailu ahaztuaren antzera
segitzen dut, nekearen nekeaz
bakar-bakarrik desaktibatu
eta haragiaren azpiko hezurdura
noiz erakutsiko zain.
Eta orduantxe agertuko zara,
etnografia museora bisitan.
Nire hondakinen bitrinaren paretik pasatzean
«As time goes by»
kantatuko duzu ahopeka.