GAUEKO NAUFRAGIOA
Honelako gauetan arraina naiz.
Ontzi garden borobilean ahoz gora etzan
eta koloretako arraina naiz.
Zirkulo zentrukideetan tematzen ditut
nire hegal txikietako ezkatak,
piszina baten mosaiko urdinean
luzara igeri egiten dudala amesteko,
Honelako gauetan brankiak zabaltzen ditut.
Ez oxigenorik
ezta hidrogenorik ere,
ur molekulak ez dira disolbatzen,
ezer ez. da sartzen birikietara.
Iparraldeko petroleroen marea beltza
sarearen bestaldean.
Honelako gauetan
dena da laua,
dena barea.
dena urruti.
Guardasol tropikalez basoetako izotzak konkistatu
eta azken txalupa horretara igotzen naiz,
munduaren zorabioan,
noranahi itzultzearren.