Sagarroiak
Sonia Gonzalez

Euskaltzaindia / BBK, 2002

 

 

BESTELAKO MUNDUEN KONTZIENTZIA

 

Behi beilegi, arre eta gorriak nonbaiteko

zerumuga gurutzatzen duen trenari begira

guretzat negartiak

baina oretsuak baino

ez diren begiez

begi-begira

euren begirada;

hanka arteko bazka agortuko dute

baina geroxeago,

ikuskizuna pasa eta geroxeago,

burdinezko animalia erraldoia ikustekoa bait da.

Trena.

Hiritik datorren eta

hirira doan bidaiariak ere

harridura-otartekoaren karraskatzea

geroko ahazten du esku artean.

Soa, bertikalki ohituta,

ez da horizontalak besarkatzeko gauza,

animalia gorri-biziz betetako horizontal amaitezina.

Behiak.

Hari igartezin batek lotu ditu

izaki biren elkarren ezagumenik eza.

Mundu biak banatzen dituen leihatilaren

gardentasunak batu ditu mundu biak.

 

Sagarroiak
Sonia Gonzalez

Euskaltzaindia / BBK, 2002