|
Sagarroiak
ASTELEHEN URDIN HONETAN
«Izar betaurrekodunak gezurrak hilkutxan lurperatzen dituztenak eta gero, ur garbia edanik, etxera dihoaz bibolina haustera» Itoiz
«Zeru urdinaren antzerako astelehen urdin honetan ez dago kotxean ibiltzea bezalakorik... Ez al duzu Pakistan aldera kafe bat hartzera joateko gogorik?» Harkaitz Cano
«Begibistakoa den arren, denok ikusten dugun zeru urdin hori azken finean ez da ez zerua ez urdina» Joseba Sarrionandia
78tik nork ez, du astelehen urdinen bat izan? Umeak ginen orduan baina astelehenak eta urdinak amaitezinak direnez, itxaron egin ziguten.
Astelehen guztiak ez datoz baina urdin berberaz jantzita.
Errepideen beldur naiz eta, oinez abiatuz gero, eguzkiak min egiten die begiei, izar oro izkutatuta bere argiaren pean astelehen zenbaitzuetan. Mendi-martxak baso batean dautza hipotekaturik, harkaitz-baso edo Ron-baso batean, astelehen urdin zenbaitzuetan. Leku guztietatik topatu arren, ez da bibolin zatirik ageri, astelehen urdin eta luze zenbaitzuetan. Ostiralak larunbat aurreko itxaronaldiak, igandeak larunbat osteko nekeak astelehenak nekeen eta itxaronaldien arteko zerbait ulertezina bihurtu dira, itxuraldatzen eta desdefinitzen noiz hasi ziren jakin barik, euren orduen erlojua topatu ezinik.
Baina zure gonbidapena onartuko dut, eta Pakistan aldera oinez izan behar bada, oinez astiro, presa barik, abiatuko naiz ea oraindik kafe horrek azafrai eta paprika usaineko kale kantoiren batean itxaroten ote nauen, presa barik, milaka astelehen urdin bait dauzkat aurretik, 78tik nire zain galdu ziren beste bai behintzat.
Sagarroiak |