BAKARDADEA
Bakarrik ibiltzen diren estartak
gatzezko basamortuak baino ez dira
hanka-arrastoetako zauriak
osatuko dizkizunik ez dagoenean.
Norberaren helbidea koloretako gutunetan
idatzi eta norberari igorri diezaiokegu,
baina buzoia propagandaz eta fakturaz beteta
aurkituko dugu gauero.
Ireki kaleko atea eta hara hor
Andozeko Ibarra
lar luzea bidaiderik, gogaiderik gabe
zeharkatzeko,
lar luzea amaieran etsairik ere
ez duzula zain jakitean.
Bakardadea bizitzaren imitazioa da,
batzuetan zakar
beste batzuetan trebeziaz eta fin
oratzen den bizitzaren imitazioa,
denbora eta indar galera hutsa:
bakardadearen espektakulorako antzokian
ez dago txalo egingo duen
ikus-entzulerik.