|
Sagarroiak
EGITASMOA
Hezurdura bat eraikitzea izan beharko litzateke, bidertzetako buztina hartu eta figura primitibo bat egiten den bezala, hitzezko hezurdura bat. Hutsa den guztia, liluratzea den guztia, egiazko tonak disparatzea ez den guztia alboratu beharko luke. Begiak harantzago zuzentzea, munduak, jaio orduko, izkutatzen digunarekin berriro topo egitea eta berraurkitzea izan beharko litzateke poesia. Madarikaziopekoa izan behar da, anatema, bihotz azpian zabaltzen den errizoma lakoa, kimuak zerurantz emanez. Lied bat edo haizeak batetik bestera barreiaturiko loess fina batzuetan, itsuen erresuman egin beharreko razzia azkarra bestetan. Beti ere dekalogo guztiak apurtuko dituen axioma. Poesia: «Non omnis moriar» bat edota «Nil igitur mors est...» bat lapur jokoetan Delfosetik erauzitako «Ezagutu zeure burua» harrizkoa. Hezurdura bat buztinez eraikitzea jaio aurreko figura primitiboen xerka.
Sagarroiak |