Sagarroiak
Sonia Gonzalez

Euskaltzaindia / BBK, 2002

 

 

ESKU ESKATZEA

 

Amari abisatu diot dagoeneko.

 

Zahar-zaharrak garenean,

                           —zu ni baino zaharragoa, noski—

gure aurpegiak ximurtuta

eta gure begiak edertasunez eta penaz

           beterik daudenean

orduan ezkonduko garela, paper eta guzti.

 

Zure untzi erraria nire portuan lehorreratuko da

eta euri berria egingo du azkenik.

Gure gorputz dorpeegiak

lorategietatik eta geltokietatik paseatuko ditugu

eskutik helduta.

Gazteak gineneko poema grinatsuak

gogoratuko dizkiogu elkarri

eta poema are grinatsuagoak izkiriatuko ditugu.

 

Amari ondo iruditu zaio.

Ohituta dago nire exzentrizidadeetara.

 

Sagarroiak
Sonia Gonzalez

Euskaltzaindia / BBK, 2002