Sagarroiak
Sonia Gonzalez

Euskaltzaindia / BBK, 2002

 

 

LAGUNAK

 

Nigana etorri da, irribarrea

zabal eta ile gorria solte,

eskuak poltsikoetan,

            harlauzak beldurgabe zulatu eta

            otartekoak konpartitzen genituen aroan

            elkarrengana hurbildu ohi ginen bezala.

Eder zegoen,

kanonetatik hain urrun...

heroinak bakarrik ematen duen

edertasun argal eta zurbilez,

            azken agurra elkarri esan genion aroan

            baino askozaz ederrago.

Nigana etorri da

hegal bustitako aingeruen legez.

 

Berandu egin zait goizean.

Begiak irekitzea

galera errepikatzea zatekeen,

etengabe ugaltzen den min-zelulari

bidea irekitzea zatekeen

begiak irekitzea.

 

Eta oraindik ezin izan dut zarratu

bakardadearen bitakora kaihera,

oraindik daude zeruan

arraildura sentigabeak.

 

Sagarroiak
Sonia Gonzalez

Euskaltzaindia / BBK, 2002