Sagarroiak
Sonia Gonzalez

Euskaltzaindia / BBK, 2002

 

 

AUZOA ETA POESIA

 

Auzoan

borroka ilegaletako txakurren aieneak

dira sehaska kanta gauero

 

Auzoan

martitzen, eguen eta barikuetan

daukate dosi-banaketa parkeko jonkiek

 

Auzoan

egin den ekintza kulturalik gogoangarriena

The Exploited-en aspaldiko kontzertua

 

Auzoan

katuak kotxe azpian izkuturik dabiltza

zabortegiko arratoien tamainak beldurtuta

 

 

 

Auzoan etxea, etxean logela, logelan mesanotxea,

mesanotxean agian

kurloiez eta haritzez mintzo den poema bat,

ihesbidea agian,

kurloi eta haritz artean bizi den norbaiten

plagioa agian.

 

Sagarroiak
Sonia Gonzalez

Euskaltzaindia / BBK, 2002