|
Sagarroiak
IMAGINARIUM
Inguruko gauza guztiak egongo ez balira edo egoteko leku propioa bestelakoa balute bezala —leihoak, konketa, mahaia, harria...— horrela urratu da eguna. Gorputzaren mugak ere ez balira bezala urratu dira izarak gero.
Mundua hanka-puntetan lausotzen den imaginariuma da. Zentzumenek lekurik ez daukaten errealitatean hitzak kateatzea ezagumen modu bakarra dela sinestu nahi dizut.
Nolabait gaur, martitzena, hemeretzi egutegian, gogoratu dut zientzia eta filosofia —errealitatea bera— saihestu eta erbesteratu nituela atzoko astelehen urdin pisutsuan kafea eta esnea, irabiatu arren, nahastu ezinean.
Sinestu nahi dizut, Sinestu nahi diet poetei hauxe dela ezagumen modu benetako bakarra, mundu-imaginariuma atzemateko benetako bide bakarra, hainbat urtetako kosmobisioa apurtarazi arren. Atomo multzoak baino ez. garelako sinesmena ahalegin lar neketsua dela berrerabaki behar dut orain. kalerako bidean, etxeko pasabidetik, nire begien bistan, Akiles eta bere dortoka korrika etengabean aritzen diren bitartean.
Sagarroiak |