Sagarroiak
Sonia Gonzalez

Euskaltzaindia / BBK, 2002

 

 

HAIN GAZTEAK EZ BAGINA

 

Erlatibitatearen teoria,

Unibertso kurbatua,

              altuera, luzera, zabalera

                                                                      denbora

materia eta energia

Fisika kuantikoa

Big Bang — Big Crunch

 

KAOSAREN TEORIA

 

Dena erlatiboa, kiribila, hutsala

Dena adieraztezina, adiezina

 

Galduta etorkizuna eta egia

milaka posibilitateren artean

Norabiderik egon ote zen inoiz?

 

Norbaitek esan zuen legez,

                     esnatu eta ez dugu ziurtasunik batere.

Mundua

mugimendu etengabe eta desdefinituan

atzemanezin

ihes egiten digun metafora erraldoia da.

 

Tristea da hain etsirik egotea.

Hain gazteak ez bagina, behintzat,

geure burua barka genezake

erretzen gaituen kemen falta honengatik.

 

Sagarroiak
Sonia Gonzalez

Euskaltzaindia / BBK, 2002