|
Sagarroiak
KRUPSKAIA
Aramuek habi egiten dute etxeko izkinetan, han non lehen mundua salbatu nahi zuten berbak ereiten zenituen, baldosa, lapiko, arropa, eguneroko gauza txikien artean. Teoria igokariak lore potoetan gora, ureztatu eta elikatu genituen jendartea, boterea, agintea, baldosa, lapiko, arropa garbitu eta lisatu genituen. Lurra diptero borobil erraldoia dela jakinarazi zenidan egunean, inoiz izan ei nuen xalotasuna ostu eta begi zaharrez hegiratzera kondenatu ninduzun. Horixe zure irakaspen handiena. Hala ere, liburu gorririk idazteko denbora nahikorik ez genuen izan, nonbait.
Zelan bizi naizen harrezkero jakin nahi baduzu esango dizut jadanik ez dudala hautsa kentzen, ez dudala eskobatzen, ez dudala harrikoa egiten, neure narrua ere ez dudala garbitzen, hautsaren, aramuen eta diptero erraldoien hazkurera ohitu nahi dudala, «EZ NAIZ ZURE KRUPSKAIA IZANGO!» ahoskatzera behartu ninduen masokismo ulertezinera ohitu nintzen bezala.
Sagarroiak |