Sagarroiak
Sonia Gonzalez

Euskaltzaindia / BBK, 2002

 

 

YANG-TSE

 

Erreka erraldoi altzo zabala,

beste erreka guztien koloreaz izendatzen zaitugu

mendebalde urrun ezjakinean

                                erreka guztiak urdinak bait dira.

Baina zuk ondo dakizu

                 eguzkiaren alaba zarela,

arrozak elikatu dituela zure beso eta adarrak

eta horregatik direla hain berdeak

zure alboetako belardietan ximurtzen diren oinak.

Zure musu horixketan hartzen du bizia itsasoak,

Kiangsuren ohore eta ondasun,

Shangaiko begi eskertuek

                        inbiriaz behatzen dizute

                                                     azken hatsa oparitzen duzunero.

Boteretsu

                bortitz

                           nasai

              itsasoan gorako ura den hiritik.

Chang Jiang-en, Erreka Handian,

Han seme-alabek

                kapelak freskatzen dituzte

Sanpanen bela arrailduak

                                         galtzen

                                         diren

                                         bitartean.

Zhongguo osoa

zugan begiratu eta ez da ezagutzen,

ispiluan estraineko aldiz

             begiratu zen emakumearen antzera.

Eta Fong-tu-n

              infernuko kapitalean bizi garenok

Mung andrearen Ahanztura salda edango genuke

zure ertzeek bustitako harri urrun bat

atzamar-puntaz ikutzearren.

 

Sagarroiak
Sonia Gonzalez

Euskaltzaindia / BBK, 2002