ZALANTZA
Neskato bat geltokian, ortodontzia estreinatu berria,
nasan gelditu den trena etxera eramango duena
ote den
ez dakiela;
Teila apurtu bat, ekaitza ekarri zuen bart,
etxeko teilatu gorrian oreka jokoak eginez
bai eroriko
ez eroriko;
Itsasoari begiratu gelako behatokitik eta
ez igarri arrastiriak zer dakarren
marea gora
marea behera.
Hortxe zer den zalantza niretzat.
A! eta zure ezpain odolbiziak,
musukatuak izan nahi duten ala ez,
ezbaian.