Sagarroiak
Sonia Gonzalez

Euskaltzaindia / BBK, 2002

 

 

MENDEKUA

 

Korapilotan itotzen duen mingaina zurea.

Zatoz azkenekoz.

Nire eztarriak suizidatu egin nahi du.

Jasone Osoro

 

 

Endoskopio baten ikutu metalikoa

baino hotzagoa den gizon horrek

postura egin nezake

nire malura baino ez duela nahi.

 

Bere indiferentziaren gartzela perfektuan,

egundo heldu behar ez diren gabonei,

opariei, sariei itxaroten diet,

San Estebantxe betiereko batean.

 

Gizon horrek gau izerditsuetan

jantziaren kremailera jaisten dit emeki,

difteriaz gaixotutako eltxo gardenak

begietaratzen ete zaizkidan kezkatu gabe.

 

Nahiago dut ez ikusi, ez entzun,

ezpainetatik nire izena irristatzen

zaion bakoitzean, gau mineko telefono

hotsaz flagelatzen nauelako.

 

Altzürükü baino urrutiagoa den gizon horrek

gauero ebakitzen dizkit atzapar gastatuak,

aspaldi batean nire erkideak ziren

patioko katuen intziriez errukitu barik.

 

Gizon horren etxea laborategi kimikoa da

eta bertan, beirazko matrazetan,

tortura berriak esperimentatzen ditu

begi gorridun bere arratoi zuri honentzat.

 

Torturatu behar banau,

defentsa barik utzi behar banau,

preso eduki behar banau,

maluraz akatu behar banau,

sagarroi bihurturik itzuli beharko naiz.

Horixe da nire poz bakarra

gizon horrek ez dakiela

zenbat arantzadi zorrotz

batu ditudan azal azpian

           defentsarako

                                          mendekurako.

 

Sagarroiak
Sonia Gonzalez

Euskaltzaindia / BBK, 2002