Sagarroiak
Sonia Gonzalez

Euskaltzaindia / BBK, 2002

 

 

ERIKAREN DISKOAK

 

Ekaitza bat izan zen gelan sartzean,

epifania zurbila zeraman soinean jantzita.

«Goazen»

Eta bere lorratzari jarraitu nion.

Atearen danbatekoa.

Besotik hartu ninduen,

kalea gurutzatzeko laguntza behar

duen agurearen antzera, edo

aldarera heltzeko aitaren premia

duen emaztegaiaren antzera.

Baina ez zen emaztegaia,

ezta agurea ere,

izaki are urduri eta zaharragoa baino.

Begiak borobil,

behatokietan dauden tresna

horietako batenak lakoak.

Mingain sikuaz

maiuskulaz idazten den gaixotasuna,

osorik ahoskatzeko lar estua den pandemia

xurxurlatu zidan kale kantoian.

 

Ezer galdetzen ez duten galderetarako

astirik utzi gabe

bere disko guztiak niretzako heredentzia

izango zirela jakinarazi zidan,

zelan gustatzen zaidan musika bazekiela.

 

«Goazen»

Eta paseatzen segitu genuen.

 

Zer den orain CD bat musika-katean imintzea,

Erikaren esku ahurreko borobil etenduetan

notak barreiatzen uztea!

 

Sagarroiak
Sonia Gonzalez

Euskaltzaindia / BBK, 2002