Noizteinka
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 49, 2007ko urria

 

EUSKAL LITERATURAREN FABOREZ

Kalaka

 

Zugaz akordatzen naizenean, gustatzen zait

Miren Agur Meaberen poeman bezala

        Egun on maitea urrumatuz

                Jeikitzea

                Lanera joateko,

                        Eta oroitzen naiz

Ana Urkizaren olerki liburuaren tituluaz

Ditiak mihiaz setiatzen dizkidazunean,

        Desira izoztuak

                Euriguraz dabilzkidala,

Eta dra! oihutzerakoan

Amaia Lasaren idatzi ukigarri eder hartako

Leloa intzirika auhentzen dizut belarrira

        Jaungoiko guztiak ukatzen dituen

        Emakume bat naiz

                        Eta hala da,

                        Eta hala naiz

Zugaz akordatzen naizenean, gustatzen zait

Arantxa Urretabizkaiak San Pedro bezperan

Zizelkatu eresiaren salmokatzea, gauez

        Kalean eskutik gabiltzanean,

                        Eta bat-batean

Katixa Agirren hitzetan berme, barrezka

Plazer-ikatz errausteko sua falta zaigu diogu,

Nora Arbelbidek Goizeko zazpiak direla

Gogora ekartzen digun unean:

                        Oherako ordua ezta

                        Gure adinean?

Arrain nostalgiaren antsiaz zimurturiko

Zure itsas-gorputz unatuan

        Leire Bilbaok seinalatu ezkata artean

Behatz puntaz balakatzeko kerezi gorria

Bilatzen dut

                Eta gustatzen zait

Jasan gaitzeko arintasun arduratsuz

Hantu Tere Irastortzaren

        Ele-taupa uhargia bezain,

                Non dauden eske, amodioak

Abandonatu ume-bihotzen gozatzeko

Marixan Minaberriren

Atxik azu dei sarkorra bezain,

Aurelia Arkotxaren ipar polo hotzeko

Eremu zuriak bezain,

        Mariasun Landaren Ioldi bezain,

Maripi Solbesen hitzezko lautada biluziak bezain,

Lurdes Unzuetaren bizkaierazko

        Ipuin bilbotarrak bezain,

Bai... baina ez lerrake Laura Mintegik

Bukatzeko... bai baina ez

                Zu bezain.

        Ala Ilusioaren ordaina dateke?

Bizkitartean, eztiz irakurtzen zaitudanean

Iruditzen zait gustatuko litzaidakeela,

                        Horixe baietz,

        Daramazun itzal urduriaren

Maldan aixolbetzea

Eta euskal literaturaren faborez,

        Maitasunaren atalaia haizetsuan

Aharrausika zugaz akordatzea.

                        Beti eta sekulako.

Lotura eta ahanzmen barik.

 

 

Noizteinka
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 49, 2007ko urria