Noizteinka
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 49, 2007ko urria

 

DOG'S LIFE

 

Noranahi joan nadin herrian lasterka

Gibeletik datorkit xakurtto xaharra:

Xanpaka ari dela, arroila bazterka,

Neguko goizetan da enekin bakarra.

 

Batzutan apal ari natzaio eleka:

So egizan ekia zeinen den ederra!

Eta begi samurrez nigandik fereka

Igurikatzen du, ez baitaki herra.

 

Ni ere anitzetan xakurraren pare

Banabila jendetan laguntasun bila,

So kidea ikusi eta laztan-sare.

 

Xanpa egin nezake, dei mutu isila

Munduari luzatuz, odola hain bare:

Nork inarrosiko du ene bihotz hila?

 

 

Noizteinka
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 49, 2007ko urria