Noizteinka
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 49, 2007ko urria

 

ARESTIREN BIHOTZAK

 

Itsasoari beha, begi zola hitsa,

Olerkaria dela aspalditik zendu,

Ikusten du uhina eta uren bitsa,

Biharko likitsa:

Arestiren bihotzak

Negar egiten du.

 

Bilbao zakarretik, urratsean ero

Poetagaia baita kostara zuzendu,

Barnea erre zaio, eta dabil gero

Burdin ibai bero:

Arestiren bihotzak

Negar egiten du.

 

Ekaitzatik landako belar lehortua

Esku ikaratiaz du soinetik kendu

Eta berriz asmatu bizi agortua,

Utziaz lortua:

Arestiren bihotzak

Negar egiten du.

 

Maitasuna apal da, marea bezala:

Musuaren eztia zelatan mantendu?

Iluna datorrela, lurrak har dezala,

Behar du gezala.

Arestiren bihotzak

Negar egiten du.

 

Beldurra hedatu da orenen noizean,

Harrizko Herriaren hatsanka gailendu.

Arrotz altxatzen gara ohe bikoitzean,

Izuen goizean:

Arestiren bihotzak

Negar egiten du.

 

 

Noizteinka
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 49, 2007ko urria