|
Noizteinka HELDENPLATZ Tristeziaren mendea, Adiskiderikan gabe, Ahantzirikan, jendea Bihurtu zitzaidan habe. Egiaz nintzen arrotza Baina poza ezpainetan Neraman eta bihotza Zihoan zeru-gainetan. Hitzik ere ez nekien Bitte eta danke salbu: Hiriko zain irekien Isurian nintzen galdu. Zutan neukala gogoa Heroen Plazara heldu Nintzen eta lur osoa Amodioz zen ubeldu. Utz orduko helburua Eta itzalak hantzera, Altxatzen nuen burua Papogorrien antzera. Nahi zintudan ondikotz Aitzinean, saihetsean, Hargatik lehen aldikotz Leizea neukan ertzean. Behar nuen maitasuna Ingumak irents dezala: Badator bakartasuna Kasik euria bezala.
Noizteinka |