Noizteinka
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 49, 2007ko urria

 

MILIA LASTUR ON THE ROAD

 

 

I.

 

Bihotzaren ihiztoka karminetara

Eroaten duen autobide hutsa

        Gustoko duela aitortu du:

Milia Lastur on the road.

        Musu bat pausatuko du

Bihotzaren ihiztoka karminak

Eztitzen dizkion emaztearen

Ezpainetan.

Milia Lastur on the road:

        Peage toll,

        Muga non dago?

Autobidea desertua da:

Negar egin lezake,

Ortzaizean

Itsasoa urdintzen dakusan

        Aldi oroz,

        Zorion soilez negar.

        Oroitzen da,

Milia Lastur on the road,

Herio zuria desiratzen zuen

Mende garratzak

        Egunez egun

        Pairatu zituela

Bihotza ihiztoka karmina

Bihurtzeraino,

        Baina orain

Milia Lastur on the road

Autobidean, zorion soilez

                Negarrez ari da.

 

 

 

II.

 

Hilotzen karrasiak josirik ahoan

Nola aurkituko dun hire sokorria?

Maiteko haut Milia, ez hadila joan,

Hator, edan dezagun ardao gorria.

 

Baratz aberatsetan ebatsi sagarrak

Gordeko ditinagu bide bazterretan:

Ahantz otoi Milia sarraski zaharrak

Eta suaren kantak bizihats erretan.

 

Belar bustiek egin maitasun ohantzan

Etzanen gaitun gero, bi-biak bihotza,

Gauero zazpi itzal ikusteko dantzan.

 

Non dago harria? Non dago lur hotza?

Eresi hark ziona jartzeko zalantzan,

Maiteko haut Milia, ez hadila lotsa.

 

 

 

III.

 

Nervionen azken gin-tonic bat

Hurrupatu genuen,

Eta Milia Lastur eder zitzaidan:

        Laztan gutizia neukan

Baina begiak,

Elkar balakari zebiltzan

Bi neska gazteengana

        Luzatu nituen

        Eta Milia Lastur bezala,

Emazteen arteko amodioa

Eder zitzaidan.

        Gin-tonic hark burumuina

Harrotzen zidala,

        Bizitzaren hondarra

Milia Lastur maitatzen

Higa nezakeelako

                Pentsamenduak

Bihotz ihiztokaren karmina

Zurbaildu

        Zidan.

 

 

 

IV.

 

Gaztelugatxe erakutsiko denat

Erran zidan Miliak,

Ala jadanik ikusia dun?

        Bai maitea, hurbildu natzaio

Behin edo berritan,

Baina oraino hogeita hamar aldiz

Atsegin berdinagaz

Miretsiko nukeela ihardetsi nion,

        Bista,

Gaztelugatxeko uhinen bizkar

Zimurra bezain zilar:

        Bai maitea, hurbildu natzaio

Behin edo berritan,

Eta ene bijotz emea

Laga dot berton,

        Itsasoa zilarregia zen

        Apirila goiz batez

Eta geroztik

Gaztelugatxe daukat

Papoan punpari.

 

 

 

V.

 

Lagako hondartzan euria ari zuen emeki

Ogono harria eta itsaso lainoa

        Grisez apainduz.

        Hil ondoko xedeetaz

Mintzo ziren lagunak

Irriz karkazailka,

Eta nik, eta nik Milia Lastur

Neukan muinean:

        Nahikoa erreak ginen guztiak,

Bizitzako mila ekaitzetan errautsiak

Oroz bat,

Damuz, doluz eta dolore isilez

        Hantuak genbiltzan

Irriz karkazailka

Eta nik, eta nik Milia Lastur

Neukan muinean.

Lagako hondartzan euria gelditu zen

Ogono harriaren eta itsaso lainoaren

        Gristasuna argituz.

        Lau legoatarik Izaro ilunak

Gutariko bakoitza

Irriz karkazailka plegatzen zen

        Uharte bakartia zela

        Oroit arazten zigun.

        Nahikoa erreak ginen guztiak

Eta gure hautsak Bizkaiako Golkoan

Barreia daitezela

        Oihukatu genuen,

Eta nik, eta nik Milia Lastur

Neukan muinean.

 

 

 

VI.

 

Milia Lasturren belarrira murmuratu nuen,

Galerna erraldoietan akitu itsasturi

Arrotza banintza bezala:

        This land is my land

This land is your land

From Santagrazi to Izaro Island

From Baiona to the Bilbo sand

From Amikuze to the Tutera band

        This land is made

        For you and me...

Milia Lasturren ezpain ubelen ezkinan

Musua abandonatu nuen,

Gatzez ezti

        This land is made

        For you and me

Errepikatuz:

Gernikan ginen

Jadanik.

        Gure herria zen.

        Gure ardura zen.

        Gure bakenahia zen.

        Gure aniztasuna zen.

        Engoitik.

        This land is made

        For you and me:

Itsasturi arrotza baldin banintza

Zer beste nezakeen ahozka?

This land is my land too

                          And U2

        Meanwhile take my hand.

 

 

 

VII.

 

Matxitxakoko faroak noiztenka begitartea

Urreztatzen zizunean

        Nahi zintudan bizitza osorako

        Ene saihetsean:

Bizkaiako golkoan oinazeen, izuen

Eta hutsen itotzea irudikatzen nuen

Eta barnez alderat berritzea,

        Ni zure magalean,

Matxitxakoko faroak noiztenka begitartea

Urreztatuko lizukeenean.

        Laidatik,

Bermeoko barra luzea ageri zen,

Mundaka hiria aitzinean

        Eta erdian itsasoa,

        Urdaibai ahotik ihes.

        Gautzean,

Txoriak aditzen ziren auhenez,

Eusko Trenaren azantza ezpondan,

Portura zetorren arrantza untziaren

        Izurde-orro elkorra,

        Bitartean gorputza,

Esku-bitsen balakak

Marea beheraren orduan

        Are trebeago bihurtzen zirela,

Plazerez bihurdikatzen zitzaizun:

Urdaibai zinen,

Bizkaia zinen,

Izaro nintzen

Matxitxakoko faroak noiztenka begitartea

Urreztatzen zizunean.

 

 

 

VIII.

 

                Nehork ez zidan erran

Zabalburu plaza desagertu zela.

Harritu nintzen,

        Ez nekien gehiago nondik

Nora jo

Hiriaren bihotzera

Heltzeko.

        Hamarkada bi lehenago

Zabalburu plazan

Zure aiduru egon nintzen,

Izotzak bazterrak setiatzen zituen

                Arratsalde hartan:

                Hogei urte zaharreko

Amodiozko istoriak

Gogora ekarri nituen

Zabalburu plazaren omenez

Eta orduan bizitzen nuen ilunbeari

        Balio bat emateko.

        Nehork ez zidan erran

Zabalburu plaza borobila

Ezabatua izan zela,

Baina segur aski jakin

        Beharko nuen

        Egunkariak irakurri

                Banitu.

 

 

 

IX.

 

                Milia Lasturek

Laster egin zuen Nervion

Ibaiaren ertzeetarik.

        Goizean goizik jeikirik,

Euriak aurpegia mailukatzen ziola,

Guggenheimenen abegitik

        De La Sota kaiaraino

                Lehiatu zen:

                Udaletxekoaren ondotik,

        Salveko zubiaren maldan

Brontzezko gizon bakartiaren

Zakur deslaia ferekatu zuen.

Ama deiadarkatu eta gero,

                Deustuko zubiaren

Makineria mirets zezakeen,

Eta karola garabi gorria,

                Eta aingurak,

Eta kateak, eta batela herbalak.

Itsas airea zetorren,

        Lantzerra lagun,

        Izerdia eta ontziola ohien

Oligo urrinarekin biltzera,

Hiriaren burdinezko memoria

                Iratzar araziz.

Nervion ibaiaren ertzetarik

Laster egin zuen

        Milia Lasturek:

        ... nik zu zaitut maiteago...

 

 

 

X.

 

Itsasoraino joan behar dut marmaratu zuen

Milia Lasturek:

        San Francisco auzoko karriketarik

        Abiatu ginen

Beltzak, arabeak, hego amerikarrak

Eta buhameak taldean

        Ausatzen ziren espaloietarik

                Urratuz.

                Trinkili-trankala, trabestia

Erdi mozkor eta arras akitu bat

Gurutzatu genuen:

Zigarretek hautsi zintzur-sokak

        Daldararaziz

Piensa en mi abesten zuen.

Milia Lasturen begiak

Nereetan iltzatu ziren:

        Gorlitzerako pausoaren

Eta melodiaren

Betikotasunaren jezarlea

        Nintzen, alabaina.

Itsasora joan behar naiz marmaratu zuen

Milia Lasturek:

Itsasoak mututzen nau,

        Aditza irensten dit

                Gehituz,

Baina ni hirian geratzekoa nintzen,

        Beldurrik ere eragiten ez zidan

                Metropolis gataskatsuan,

Noizbehinka jasaten genuen

Bazterketa ezkelaren aztertzeko.

 

 

 

XI.

 

Argi faltsurik ez denat harkaitzetan

Jarriko Milia,

        Gauero Izaro uhartetik

Ene ohe hotzaren berotzera

Igerika etor hadin

        Nahi dudalako:

                Ez dezakenat imajina

Harrietan zitzikatu eta txori gosetiek

Ausiki hire gorputz unatua.

Maite haut

        Eta maite dinat Izaroren

Arratoi bakartasuna arrats apalean,

Bermeoko kostako harkaitzetan

        Argia pizten dudanean,

        Olde kexatuetarik

Bidea ur hats dakinan.

Maite haut Milia

        Eta maite dinat busti-bustia

Agertzen haizenean

Ganbarako leihoaren eremuan,

                Irriz eta erakargarri,

        Gauero Izaro uhartetik

Ene ohe hotzaren berotzera

Igerika etortzerakoan:

Maite haut

        Eta maite dinat Izaro.

 

 

 

XII.

 

        Zorigaitzez Milia

Legeak ez digun ezkontzeko

Baimenik emango:

                Ezkutuan aitzinatuko gaitun

        Kostarik kosta

Baionatik Bakiora

Gure ezinezko amodioa

        Altxorra bailitzan,

                Ontzi sotoetan

                        gatibatuz.

        Zorigaitzez Milia

Legeak ez digun ezkontzeko

Baimenik emango:

So larderiatsuen setioan,

        Kostarik kosta

Bakiotik Baionara

Uhinak laztanduko dizkinagu,

Gure ezinezko amodioa,

        Ederrena, gure hoberena,

                Oparia bailitzan,

                Musu harpeetan

                        Gatibatuz.

        Zorigaitzez Milia

Legeak ez digun ezkontzeko

Baimenik emango,

        Baina hartuko haut

Bakiotik Bakiora

Baionatik Baionara

        Denborak zizelkatu

                Amets zuloetan

                Behaztopatuz.

 

 

 

XIII.

 

Gatza, haizea eta urratsa baino ez naiz

Auhenkatu zuen Miliak,

        Izerdi mineral soila itsas hegitik

                Ibiltzen naizenean.

        Ura naiz, begietakoa, kopetakoa,

Amodioaren ondokoa,

Holtzetan hausten den uhin esnetsua,

        Lurraren sabeleko isuri karminak

Itsura bulkatzen duen

Sentimentu tektonikoa,

        Euskal leihor kolpatuak

Maite dituen Kantauri kalakaria naiz

Erantsi zuen Miliak

                Burua nire sorbaldan

                        Pausatuz,

        Zeruak, lurrak eta itsasoak

        Mututu zirenenean.

 

 

 

XIV.

 

Eremuetan uhertzen doa Milia Lasturren gogoa:

Nahi dutena derasakete,

        Baina ez dugu herriaren aldeko ekimena

Sustengatzea huts egin,

Gaurkoan bide ertzean baldin eta

Geldo bagaude ere,

Huts egin dugun bakarra bizitzea da.

        Alta hor geneukan ezker,

Desira, ikara, musu eta ezpain ukatu,

Ekimen onartua aitzakitzat hartuz

Isiltasunaren hobietan ehortzi,

Algara gordinetan umiliatu, zintzilikaturiko

        Gaizo gure bizitza.

Eremuetan galtzen doa Milia Lasturren gogoa:

Min egiten didan maitea

        Horrela mintzo haizelarik:

                Hauturik bagenuena?

        Ez ezan negarrik egin,

Mende erdia iragan dinagu eratorrian

Eta soizan, hemen gaitun oraino,

                Bizitzako hariak iruten

        Egunerokotasunaren mihisea

Brodatzeko.

Begira iezadan Milia,

                        Begirada iezadan otoi,

                        Gorets dezagun

        Bizkaiako kosta:

 

 

 

XV.

 

Ni bezala zutik

Dagola Bakio,

Maitea eskutik,

Hurbildu nakio.

 

Uhinen begitik

Menditikan edo

Arkaitzen hegitik

Eder da Bermeo.

 

Urrunago berriz

Ageri Mundaka:

Eskatu du irriz

Bitsaren balaka.

 

Urdaibai osoa

Bai eta Gernika

Biltzen doa soa,

Kresal du ninika.

 

Ezpainen zokotik

Potta bedi aira:

Laztanen gogotik

Aiduru da Laida.

 

Uraren ardatzak

Bezalako haga:

Izaroko gatzak

Zoratu du Laga.

 

Badator ekaitza,

Gordetzea hobe:

Gerizetan gaitza

Dugu Elantxobe.

 

Itzala lurretan

Ez dadin andea,

Harri ahurretan

Lotan dago Ea.

 

 

Nola geratu hotz

Bizitzatik bazter,

Geroaren bihotz

Dugula Ispazter?

 

Holtz ilunen gaina

Errauts dabilkio:

Jabaldu da zaina.

Hor du Lekeitio.

 

Erraietan dut maiz

Hainbeste amorru.

Bozkariatzen naiz

Ikusiz Ondarru.

 

Maiteko dut labe

Bizkaiako kosta.

Ba nabil zu gabe

Milia, prefosta...

 

 

Noizteinka
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 49, 2007ko urria