Noizteinka
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 49, 2007ko urria

 

UTZ GAITZAZU GURE MINAREKIN
SHERMAN ALEXIE BLUES

 

Hedatzean egien antzeko gezurrak

Ibarrak sutu ziren eta tiro hotsak,

Neguaren minean, zikindu elurrak

Lohi hilez ilundu zituen bihotzak.

 

Zerua haustean amets ezkel bikoitz,

Gerla omen zeneko kexua zen hitza,

Gorpua tresna eta manutegi zikoitz:

Leialtasunez hustu genuen kalitza...

 

Jakin gabe zertako bide bazterrean

Aurkitu zinen maite, erabat galdua,

Gorroto urtearen ardo hats errean.

 

Etsaia non zuten? Nor ote saldua?

Hil nahiko zenuen zarta lasterrean,

Baina beilari joan zinen, apaldua.

 

 

 

Noizteinka
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 49, 2007ko urria