|
Noizteinka MEDEAREN IRATZARTZEA I. Medea Elektraz maitemindu da. Bere sentimentu posesiboaz Bizitza zitalduko dio: Elektrak ez du ihesik. Atzoko plaza goibeletan Bederazka laztandu Phedra gezurtia Eta Antigona buru-beroa Ahantziak dituzte, Amodioaren arrangura Hilezkorraz asetzen baitira Jadaneko. Ederra da Medea, Elektra herabe, Amodioaz beldur da, Ez daki zer den maitatua Izatea. Medea ahapez Mintzo zaio eta ahotsaren doinuak Olibatzearen Hosto-kanta zilarraren Soinu ferekaria dakarkiola Iruditzen zaio. Elektra Medeaz maitemindu da. II. Mendekuaren mendeak ahitzean Erran du Elektrak: Nortasunaren zero maila zer den Eskatuko didatenean, Hiri ezezaguneko Hotel Delta bateko logela zurian CNN telekatean Mundu mailako egurraldi agiriaren Behatzea dela Erantzunen dut. Eta zure gorputz mortuaz Amets egitea Only on CNN The world's news leader. III. Argolidako mendiek ifernutik botaiak dirudite. Igidura tektoniko indartsuek plegatu Harri arrosezko ohantzeek, Beraien biluztasunaren kordoka Eguzkiaren erasoei eskaintzen diote. Mundu gaineko exilioan deserrotzen diren Zuhaitzen egarria Asetzeko, Ez da nehon Iturririk sortzen. Baina lur ertzean itsasoa hedatzen da Eztitasun ikaragarri batez, Argolidako mendien kide, Suaren minean izatearen jarraipena Segurtatzeko. IV. Mikainesko Lehoien Atearen itzalean dago. Don't worry be happy Elektra Kantatzen du. Oreste eta Agamemnon hilez geroz Mehatxuaren eta hiriaren legeei obeditzeko Garaiak uhertu dira. Bihotz mizeniarreko horma Ziklopear hauen artean, Arma zaratarik, manu bortitzen oiharrik Eta brontzez apaindu soldadoen Urrats elkorrik Ez da gehiago aditzen. Zure sabela eta zure bularrak Amodiora hitzemanak daude: Irri egizu Elektra, Ken ezazu soinetik gorrotoaren Sehi-zapi likitsa, Edertu zaitez Eta mantaletak apal itzazu, Zugan eztitasuna uhinka igotzen Sentitzeko. Bozkarioa, beharbada, Borondatezko nahikunde soil baten Emaitza dela oroit arazten diot Ahapez, Beranduegi heldu naiz Agamemnonen salbatzeko Erantsiz. V. Zabalik da orain ene Thermopiletako pasaia Eta erregina pertsiarrak sartu nahi baldin badu Aitzina bedi, ezpata samurra eskuan Arkaitz hauen geldotasuna inarrosiz: Aspaldi du alabaina Barbaroen aiduru nagoela. Mila soldadoz inguratua Hil zen Leonidas: Ez naiz neholaz ere oldartuko. Eta zu, arrotz, ez otoi joan Lazedemoniarrei erratera Hemen hezurrak zuritu zitzaizkienak Legearen alde erori zirela! Aspaldi du alabaina Barbaroen aiduru nagoela, Plazeraren hagun hezeaz Daldaratzeko. Aintzina bedi beraz erregina pertsiarra, Arkaitz hauen geldotasuna Behin betiko inarrosiz. Has dadila ene Thermopiletako guda berria: Ez naiz neholaz ere oldartuko. VI. Gataska guneetarik urrun Mendiak errekak uharteak eta argi mihiak Maite zaitut ahoskatzeko Baliabide Zaizkio, urrikizko urkiak, Sahatsak haritzak eta neguaren erdian Bihi koskorretan kuzkurtzen diren Izadiko loreak ere Maite zaitut ahoskatzeko Baliabide Zaizkio, itsas ardora Arrantza untziak bouzoukiak eta betirako Zokoratu sare pelagiko higatuak Maite zaitut ahoskatzeko Baliabide Zaizkio, nola zure ibilera Mintzoa irria ahoa eta so eztia Maite zaituela aitortzeko Baliabide Zaizkion, Argiki. VII. Naxosko marmolean zizelkatu Emazteen antzekoa zara, Forma arrunt eta soilez, Aurremarra kasik, Hutsetik jezartzen da Zure gorputza, Ahorik ez duzu, begirik ez duzu, Esperantzetako estirez Hantu sabelpe mugagaitza Hedatzen zaizu, Harriak aske uzten ez dizkizun Bi zango laburren Gainaldean. Klikaldes uharteetako Emazteek Irri eta urratsik ez daukate, Masaren erramerran gaitzeslea Ez dute entzuten: Besoak gurutze Eta arpegiak gora Portuan errotzen dira Itzuliko ez zaizkien Menturazaleen aiduru. VIII. Elektrari gustatzen zaio Ohe zinpurtuaren hedaduran Medea lo ikustea, Eleka entzutea, Haren isiltasun misteriotsuen Zulatzen saiatzea Eta gauez horditzen denean Begiz segitzea, Noraino joan daitekeen Galdezka. Besarkatzea. Ferekatzea eta artizarrak Azken distira irenstean, Medearen aldamenean Luzatzea. Maitasunarekiko beldurrik Ez dauka gehiago, Delostik datorren herioaren Untzia ez da ageri Eta Medearen saihetsean Zahartzen dela Itxuratzen du, Nor-nori-nork aditzaren Harilkak dakarren Balizko jabetasunaz Axolatu gabe. IX. Medea zoraturik dago. Besterenak ziren ametsak Egiastatzeko Bere baitako haurrak Urkatu zituen, Eta tregua datorrenean Erotzen doa Elektraren sabela Ahurraz Laztantzen duela. Arpegi lasaituak Aztertzen ditu, Emazteak kuttun zaizkio Eta gizonek ez dute jagoitik Indarrez iharduteko Justifikaziorik bilatzen, Gorputz unatuak Istripu handietarik Salbatuak bailiran. Eskatzen du: Zergatik bizi Besteen bizitzaz Eta bere herio propioaz hil? Elektrak ere nahi luke Bake aroak iraun dezan, Medearen zoramena Hazkurri.
Noizteinka |