Noizteinka
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 49, 2007ko urria

 

BEHAR DUGUNAZ

 

                Bila eta bila aritzen gara

Zer bilatzen dugun jada ez dakigula

Eta zainetan hausten goaz

        Holtz hegian jauzi

        Egiteraino.

Eta zeozer atzematen dugunean

Metatzen eta bortitz zaintzen dugu

        Altxorra dela ustez

Dagokigunez ere jada ez dakigula

Eta zainetan hausten goaz

        Holtz hegian jauzi

        Egiteraino.

Bat batean ohartzen gara

                Biluztasun bat garela

Ez dugula bizitza salbu

Ezeren beharrik:

        Errauts airakor bat,

So anker bat,

Aitormen lagundu bat,

                Armiarmak sarean

Gatibatu borondate gabeko

        Ulutxa bat,

                Tinta beltz bat,

Oinezko GR bideen mapa bat,

Ines Intxaustiren zutabe bat,

Desolation rowen zinta bat,

Wim Wendersen DVD bat,

Huntz urrunaren uhuru bat,

        Esku durduzati bat,

                Amodio berri bat.

        Eta oraino amodio berri bat.

Ez dugu bizitza salbu

Ezeren beharrik.

 

 

Noizteinka
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 49, 2007ko urria